- Urtero bezala, On Manuel Antonio Antia literatur lehiaketa antolatu du Urnietako Udaleko Euskara sailak . Dagoeneko irekita dago lanak aurkezteko epea eta martxoaren 12a izango da horretarako azken eguna. Hiru kategoria desberdin egongo dira: haurrena, gazteena eta helduena.

Haurren kategorian hamabi urtetik beherakoek, herritarrek edo herriko ikastetxe bateko ikasleek parte har dezakete. Lanen luzera bi eta lau orrien artekoa izango da. Irabazleak tablet bat jasoko du eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, Ebook bana

Gazteen kategoria hamabi eta hamasei urte bitartekoei zuzenduta dago eta herritarrak edo herriko ikastetxe bateko ikasleak izan behar dute. Lanen luzera hiru eta zortzi orri bitartekoa izango da. Sariak honakoak izango dira: 500 euro, 300 euro eta 150 euro.

Helduen kategorian herriko nahiz kanpoko idazle helduek aurkez dezakete bere ipuina. Lanen luzera zortzi eta hogei orri artekoa izango da. Kategoria honetan soilik bi sari emango dira: 1.800 euro eta 1.000 euro.

Kategoria guztietan ipuinak euskaraz idatziak izan beharko dira, beste lehiaketaren batean saririk jaso ez dutenak eta argitara eman gabeak. Ipuinen gaia librea izango da. Ipuinek izenburu bana izan beharko dute, eta goiburua erabili ahal izango da.

Lanak Lekaio kultur etxean eskura eman behar dira edo bestela posta arruntez bidaliko dira (San Juan plaza z/g 20130 Urnieta).