- Dagoeneko hernanin.eus webgunean martxan dagoen Hernaniko Plazae izeneko denden erakusleiho digitala aurkeztu zuten atzo. Hernaniko Udalak, Berriak merkatari eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, landutako ekimena da. Bertan herriko dendek eta negozioek txoko bat dute eta bertan arduradunaren argazkia, kokapena, negozioaren sare sozialak eta deskripzio bat azaltzen dira. Halaber, dendari bakoitzak nahi dituen produktuak ere erakutsi ditzake bertan, baita harekin kontaktuan jar-tzeko moduak ere.

Momentuz, 80 saltoki inguru batu dira ekimen honetara”, adierazi zuen Gurutze Amigorena Merkataritza arloko teknikariak. Merkatari guztiei zabalik dago plataforma hau. Berriakeko kidea izan ala ez. Izan ere, Hernaniko Plazaren asmoa dinamikoa da eta datozen hilabeteotan dendari gehiagok parte hartzeko kanpainak egingo dituzte Udalak eta Berriak elkarteak.

Bestalde, Patxi Ibargurenek, Tokiko Garapen zinegotziak, argitu zuenez, “Hernaniko Plaza erakusleiho bat da, ez da online erosteko plataforma bat”. Honen baitan, zinego-tziak azaldu zuenez, “herriko denden eskaintza ezagutaraztea eta herritarrengana gerturatzea, batetik, eta erosketa modu berrietara egokitzea (online erosketak), bestetik, dira Hernaniko Plazaren erronka nagusiak”.

Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkariak erantsi zuenez, “jende askok ez ditu herriko dendak ezagutzen, eta honekin hori sustatu nahi dugu, jendeak jakitea zer eskaintza dagoen”. Iritzi berbera dauka Laket arropa dendako arduradunak, Gurutze Mirak:“Gazteak, oro har, ez dira hurbiltzen dendetara. Nahi dute aurretik jakin zer dagoen eta, interesatzen bazaie, etortzen dira erostera”.

Udalak landu duen Merkataritza Suspertzeko Planaren baitan koka-tzen da ekimen hau. “Plan horretan jasota dauden ekintza batzuk gauzatu ditugu ordutik. Merkatarien formazioa, erosketa bonuak, digitalizazioaren bidean laguntzea, promozioak, kanpainak... gogorazi zuen Ibargurenek. Udalak sustatuko du plataforma hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin. Baina, etorkizunean, plataforma honek bide propioa egitea da asmoa.