- Etxeberrieta-Karrika-Sorabilla eta Goikoplaza- La Salle ur-hornikuntzarako sarerako proiektuak idaztea eta Juanita Alkainen saneamendua bideratzeko aukerak aztertzea eskatu du Andoaingo oposizioak. EH Bilduren iritziz, funtsezkoa da proiektuak idazteko dinamikari ekitea "etorkizunean obra berriak izan nahi badira".

Aurreikusita zegoena baino urtebete geroago, Olagaingo saneamendua bideratzeko lanak hasi dira, eta, bide batez, Bekoplazarainoko ibai ertzeko pasealekua eraikiko da. EH Bilduk ez du ulertzen 2019ko irailean esleitu behar zen obra bat, proiektua 2019ko uztailean onartu baitzen, bi urtez idazketan egon ondoren, esleipenaren zain hainbeste denbora behar izatea.

Gogoratu dute, gainera, obra hori eta egingo den pasealekuarena aurreko legealdian EH Bilduren gobernuak abian jarritako proiektuengatik egingo direla. "Ibai ertzeko pasealekua espazio publikoak berreskuratzeko proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren bidez aurreko legealdian Dr Huizi parkea edo skateparka egin ziren. Honek guztiak, proiektuak idaztea eta plangintzarekin lan egitea zein garrantzitsua den adierazten du", azaldu dute.

Modu honetan, kezkaz ikusten dute legealdi honetan gauzatutako proiektu guztiak, aurten egingo den Rikardo Arregi biribilgunearena izan ezik, herentzian jasotako proiektuak direla: "Hori gauza ona da, baina kezkatuta gaude legegin-tzaldi honetan proiektu berririk enkargatu ez delako. Eta esparru horretan denbora galdu dela uste dugu".

Hori dela eta, 2021eko aurrekontuak negoziatzeko, besteak beste, honako inbertsio hauek eskatu dizkio udal gobernuari EH Bilduk: Etxeberrieta-Karrika-Sorabilla eta Goikoplaza-La Salle tarteetako ur-hornidurako sarea berritzeko proiektuak egiteko konpromisoa hartzea eta Juanita Alkainen saneamendua bideratzeko aukerak azter-tzea.