- Udaberriaren etorrerarekin batera Biteri kultur etxean bi estreinaldi hartuko ditu : martxoaren 4an, Denak ez ziren Indiano, Bitartean folk taldearen eta Ttarla dantza taldeak sortutako ikuskizuna; eta apirilaren 15ean, Nahastekak atalean kokatutako Amua ikuskizuna. Hauek dira Hernaniko Kultura saileko arduradunek atzo arte eszenikoen inguruan datozen hilabeteotarako prestatutako egitarauaren inguruko aurkezpenean azaldutako berrikuntzetako batzuk.

Aipagarria da ere, Nøgen taldearen bigarren emanaldia. “Otsailaren 12an egingo dugu beste kon-tzertu bat, 13koarentzako sarrerak salgai jarri eta minutu batzuetan agortu zirelako”, azaldu zuen Koro Etxeberriak, Kultura zinegotziak. Gaur 9.00etan jarriko dira sarrerak salgai, Interneten zein Biteriko leihatilan.

Urtarriletik maiatzera bitartean beste hainbat emanaldi antolatu dira Biterin, baina pandemiak ikuskizunen baldintzetan ekar di-tzakeen aldaketak direla eta, etxera iritsiko den eskuorriak soilik urtarrileko eta otsaileko egitaraua jasotzen du.

Horrela, datozen hilabeteotan, ohiko literatura, antzerkia, musika eta erakusketak ez ezik, oraingoan zine zikloaz ere gozatu ahalko dute herritarrek. Aurten hiru egun jarraian izan beharrean, hiru astetan banatuko da zikloa.

Kulturaren inguruko albisteak, agenda eta bestelako informazioa jasotzeko zein sarrerak erosteko kultura.hernani.eus webgunea ere martxan dago jadanik.