- Herritar, merkatari eta instituzio guztien erantzunkidetasunaren garrantzia nabarmentzeko, ostalariek, Udalaren babesarekin, agerraldi bat egin zuten atzo Mikel Laboa plazan.

Tabernetako terrazez eta jatetxeez arduraz gozatzeko eta babesteko planteamendua landu dute elkarrekin Usurbilgo Udalak eta herriko ostalariek. Kanpaina honen baitan, Gozatu geurean, arduraz kartelak banatuko dizkie Udalak.

Gainera, azken hilabetean ixtera behartuak izan direnentzako dirulaguntza berri bat ari da lantzen Udala, lokal bakoitzeko 1.000 euro artekoa.

Aurkezpenean gogorarazi zutenez, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzeko Udalak Gertuago erosketa bonuak sortu zituen, lehenengo itxialdiaren ostean, horrek ekar zitzakeen ondorioekin kezkatuta. Hala, Gertuagoren irudiarekin lagunduta egin zuten atzo ere agerraldia, hain zuzen ere, kanpaina horren helburuak bizi-bizirik jarraitzen baitu, baita gertu hitzaren bi adierek ere: herritar, merkatari eta instituzioak elkarrengandik gertu egotearen garrantzia azpimarratu eta COVID-19aren ondorioei elkarrekin aurre egiteko prest egotea.

Izan ere, osasun krisiari eta horrek ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko modu bakarra kolektiboki egitea dela nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: "Gertu behar gaituzte. Arduratsu. Izan ere, osasun krisiari aurre egiteko modu bakarra kolektiboki egitea da. Herritar, merkatari eta instituzio, guztiok elkarrekin egin behar diogu aurre. Elkarrengandik gertu egoteko garaia da; ez dezala geure aisialdiak haien bizibidea ito". Alkateak egoeraren larritasuna gogoratu zuen eta babes-neurriak hartzen jarraitu behar dela azpimarratu zuen.

Bestalde, ostalariek eta tabernariek irekiera "gazi-gozoa" izan dela nabarmendu zuten, ireki-tzeko aukera izan duten arren, jarduna mugatua baitute, baina, hala ere, lanean jarraitzeko eta aurrera egiteko borondatea erakutsi zuten: "Taberna bakoitzak bere arazoak ditu, baina ezin dugu erlaxatu, eta aurrera egin behar dugu. Ahal dugun guztia egin behar dugu, eta hala egiten dugu, neurriak errespetatuz eta garbitasuna bermatuz: lanean jarraitu behar dugu, eta horixe da gure asmoa. Ea ahalik eta lasterren iristen garen normaltasun batera, bestela, ezinezkoa izango dugu lanean jarraitzea".