- Garikoitz Garagarza Usurbilgo Kirol teknikariak atzo azaldu zuenez, http://tramiteak.buruntzaldea.eus helbidearen bitartez, orain arte bezala, astebeterako txandak har daitezke, espazio bakoitza egunean behin eta ordubetez erabili ahal izateko. Erabiltzaileek mezu elektroniko bidez jasoko dituzte txanden konfirmazioak. Ezustekoren bat tarteko joan ezin duenak mezu horren bidez baliogabetu ahal izango du erreserba. Internetarekin moldatzen ez direnek txandak telefonoz deituta hartzen jarraitu ahal izango dute.

Horrela, Usurbilgo Udalak Buruntzaldeko kirol zerbitzuak partekatzen dituzten herrietan (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) kiroldegietarako txandak Internet bidez har daitezke.

Aldaketa bakarra da, lehen ostegunetan zabaltzen zela hurrengo asterako agenda eta orain astebeteko aurrerapenarekin har daitezkeela txandak. Hau da, astelehenean datorren astelehenera arteko ordutegia prest egongo da.

Beñat Irasuegi Kirol zinegotziak adierazi zuenez, kiroldegiko erabiltzaileei txandak hartzea erraztea du helburu webguneak. Izan ere, une oro izango dute txandak har-tzeko aukera: asteko zazpi egunetan, kiroldegia irekita zein itxita izan.

Gainera, txanda hartzeko unean jakin ahal izango dute zenbat plaza dauden libre une horretan bertan (edo, hala balitz, txanda guztiak hartuta ote dauden jada).

Horretarako, erabiltzailea sortu besterik ez dute beharko, NAN zenbakia edo B@kQ txartela erabilita, eta pasahitza erabakiz. Kiroldegiko arduradunek erabiltzaileei eskatu diete euren helbide elektronikoak eta NAN zenbakiak jakinarazteko, datu horiek gorde eta sistema berriak modu egokian funtziona dezan. Erabiltzaile bakoitzak bere txokoa izango du webgunean, nork bere hitzorduak ikusi eta kudeatu ahal izateko.

Kiroldegiko bazkide ez direnek ere izango dute txandak webgunearen bidez hartzeko aukera, eta kiroldegian bertan ordainduko lukete dagokion kopurua.

Bi gida prestatu dituzte. Bata webgunearen bidez erabiltzailea eta pasahitza sortu eta hitzordua nola hartu azaltzeko, eta bestea, telefono mugikorretan webgunerako sarbide zuzena nola lortu jakinarazteko.

Aurrera begira, webgunearen bidez kiroldegiari dagozkion tramite gehiago egitea dute helburu, baina lantzen ari dira oraingoz, eta aurrerago emango dute berri.