Mugi ziur Hernanin! izeneko agenda bateratu bat aurkeztu dute aste honetan jarduera fisiko eta kirol arloko eragile batzuk. sasun krisi honen azken neurriek sei eta hamasei urte bitarteko gazteen jarduera fisikoa eta kirola egiteko eskubidea mugatu dutela kexu dira Hernanin eta horren aurrean, herri mailako erantzuna emateko eratu dut agenda.

Agenda hernani.eus webgunean kontsulta daiteke, eta bertan sei eta hamasei urte bitarteko hernaniarrentzat alternatibak jasotzen dira. Momentuz, abenduaren 12ra arteko egutegia osatu dute, baina eragileek ekimenarekin jarraitzeko asmoa dute adin tarte horretan jarduera fisikoa eta kirola baimendu arte.

"Hemen bildu garenok garbi daukagu jarduera fisikoa eta kirola osasunaren parte direla eta orain are garrantzitsuagoa dela baldintza egoki eta seguruetan jarduera fisikoa eta kirola egitea", adierazi zuten eragileek Ave Maria parkean egindako agerraldian.

"Egoera honetan, hernaniarrak aktibatzea garrantzitsua denez, jarduera fisikoa sustatzea da gure helburua", gaineratu zuten. "Horretarako, jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera seguru eta legalak eskaintzera gatoz, beti ere familiei zuzenduak", laburbildu zuten.

Honenbestez, Zubipe, Landare eta kiroldegia haur eta gaztetxoentzat ordu zehatz batzuetan irekiko dira.

Esaterako, Landare eta Zubipe bakarkako kiroletan edota familian jolasten aritzeko zabalduko dira abenduaren 10a arte, astegunetan 17.00etatik 19.30era eta larunbat goizetan.

Kiroldegiko pista nagusian, 17.00etatik 19.30era, jolas alternatiboak antolatu dira abenduaren 10a arte. Lehenengo egunetan bizikleta zirkuituak, mahaiko tenisa, oreka erronkak eta ohe elastikoetan ibili dira, besteak beste.

Gainera, kiroldegiko igerilekuak abenduaren 5ean eta 12an jolasleku bihurtuko dira. Hori bai, aforoa eta denbora mugatuak izango dira eta ordubeteko lau txandatan banatuko dira haurrak: 9.30ean, 10.45ean, 12.00etan eta 13.15ean.

Horrez gain eskola kiroleko kideak ekintza hauek planteatu dituzte: mendi ibilibideen gida (Santa Barbaratik), herritik zehar altxorraren bila jolasa, Sagardo ibilbidetik tribial jokoa eta Jaitsiera basatiak korrika zein BTT-arekin jaisteko ibilbide zailak (nerabeei begira).

Ekintza hauek Hernani jarduera fisiko eta kiroleko webgunean zin-tzilikatuak egongo dira.

Kirola egiteko eskubidea mugatu zaie eta gabezia horren aurrean ekintza alternatiboak proposatu dituzte