- COVID-19aren eragina pixka bat lasaitu denean, hainbat astez etenda egon diren ekintza kulturalak berreskuratu dira Urnietan. Izan ere, asteburu honetan bi kontzertu egongo dira.

Honela, larunbatean, Izaki Gardenak musika talde ezagunak kontzertua eskainiko du 19.00etatik aurrera Saroben, Poxta Zaharrek antolatua. Sarrera doanik da, baina aforoa kontrola-tzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea Sarobeko bulegoan.

Igandean, aldiz, Garikoitz Mendizabalek eta German Ormazabalen txanda izango da Sarobe arte eszenikoen gunean. 19.00etan hasiko den Metamorfosia emanaldia txistuak eta pianoak izan duten harremanaren isla da. Sarrerak bost euro balio du eta Saroben eta Internet bidez eskuratu daitezke. Gainera, gaur arte izena ematen duten urnietarren artean Udalak bi sarrerako lau sorta zozkatuko ditu.