- Hainbat ekintza antolatu dituzte Andoainen azaroaren 20an ospatuko den Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. "Bizi dugun egoera dela-eta, adingabeek dituzten eskubideen aldarrikapena egitea eta haien tratu ona berma-tzea inoiz baino garrantzitsuagoa da", aditzera eman dute.

Egitasmoan osatu du Andoaingo Udaleko Hezkuntza eta Gizarte Zerbitzu sailak, herriko ikastetxeekin elkarlanean (Ondarreta ikastetxea, La Salle Berrozpe ikastetxea, Aita Larramendi ikastola, Leitzaran institutua eta Galardi Udal-Haurreskola).

Horrela, azaroaren 16tik 20ra, azaroaren 16tik 20ra adingabeek euren eskubideak aldarrikatzeko euren etxeetako leiho edota balkoietan eskolen bidez banatuko zaizkien kometatxoak jarriko dituzte. Asmoa, ekintza xume honen bidez, haur eta gazteen eskubideak bermatu behar direla eta eskubideak denon ardura direla gogoraraztea izango da.

Era berean, online hitzaldia izango da adingabeen gurasoei, irakasleei edota arduradunei zuzenduta. Sare-sozialak, bideo-jokoak eta horien erabilpen desegokiaren ondorioz sortzen diren menpekotasunez eta ondorioez arituko dira. Konfinamendu egoeran etxe askotan bizi izandako egoera bereziei buruz hausnartuko dute.

Solasaldian parte hartzeko bi aukera egongo dira. Azaroaren 18an, 18.30ean, euskarazko saioa izango da online; eta azaroaren 19an, ordu berean, gaztelerazko, online hau ere. Azaroaren 17a baino lehen izena eman behar da (doan), zein hizkuntzetan parte hartu nahi den adieraziz. Aukera bat da basteroataria@andoain.eus helbidera mezua idaztea, bestea Basteroko Kulturguneko 943 303 540 telefonora deitzea edo 660 765 019 telefonora WhatsApp-a bidaltzea.