- Euskaraldia datorren azaroaren 20an abiatuko da. Gauzak horrela Urnietako Udalak mahai bat jarri du Lekaio kultur etxeko atarian herritarrei izena emateko aukera eskaintzeko, txapak jasotzera joateko eta nahi izanez gero, etxeetako balkoietan jartzeko banderatxoak eskuratu ahal izateko.

Mahaia lanegunetan azaroaren 19ra arte 16.00etatik 19.30era egongo da zabalik. Azaroaren 14ean, aldiz, larunbata izanik, goiz eta arratsaldez jarriko da, 11.00etatik 13.30era eta 17.00etatik 19.30era.

Euskaraldian parte hartzen duten Urnietarrek Ahobizi edo Belarriprest izatea erabaki beharko dute. Paper bat edo bestea aukeratzeko orduan, gakoa jokaeran dago, ez hizkuntza gaitasunean. Ahobiziek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egin behar dute une oro, Belarriprestek, ordea, gonbitea egingo dute beraiei euskaraz zuzentzeko.