Urnietako Udalak azaroaren 15era arte luzatuko ditu neurri bereziak

Kiroldegiko kardio eta muskulazio gelak eta Bertan eta Lekaio soilik egongo dira zabalik

07.11.2020 | 23:45

Urnieta – Urnietako Udalak duela hiru aste harturiko neurriak gutxienez azaroaren 15era arte luzatzea erabaki du COVID-19aren ondorioz egoera kezkagarria jarraitzen duela ikusirik.

Kirol instalazioen barruan kardio eta muskulazio gelak soilik erabil daitezke eta banakako erabilerarako bakarrik, gainerako eremuak itxita mantenduz. Halaber, Urnietako kirol kluben jardunak etenda jarraituko du, baita, jarduera fisikoko ikastaroek ere.

Kirol instalazioetara joateko ezinbestekoa da aurretiko hitzordua hartzea eta horretarako ondorengo telefono zenbakira deitu behar da: 943 008 328.

Duela hiru aste itxitako gainerako eraikinak berriz, itxita jarraituko dute eta baita gune horietan ematen diren formakuntza ikastaroek ere. UdazkeneanK ekimenaren barruan programaturiko kultur ekintzak ere bertan behera geratu dira.

Aldiz, Bertan herritarren arreta zerbitzua eta Lekaio kultur etxea irekita egongo dira, baina neurriak hartuta.