Astigarraga aldizkaria aspalditik zabaltzen da herri mugimenduari eta herritar askoren ekarpenei esker eta Astigar elkartearen jardunaren baitan. Horren lekuko dira azken 40 urteetan jasotako idatzizko ondare historiko eta kulturalaren emaitzak. Eta horiek guztiak herriari euskarri digitalean erakusteko eta eskaintzeko helburuz sortu berri da aldizkariaren webgunea.

Hasiera batean etxez etxe eta baserriz baserri zabaltzen zen aldizkaria. Ondoren etorri ziren saltokietako erakustokiak. Hemendik aurrera, berriz, urteroko paperezko aldizkaria eskuratzeko aukera izateaz gain, webgunearen bitartez ere ikusi eta irakurri ahal izango da, baita bertako edukiak eskuratu ere. Esan beharra dago, webgunearen proiektu hau Astigarragako Udalak emandako dirulaguntzari esker osatu dutela.

Aldizkariaren webguneak bere egitura eta domeinu propioa izango du www.astigar.eus/aldizkaria eta Astigarragako Udalaren webgunean ere izango da ikusgai.

Bi izango dira webgunearen fun-tzio nagusiak, bata, orain arte zabaldutako aldizkarien hemeroteka eta kontsulta eskaintzea eta, bestea, bertako edukiak partekatzeko aukera ematea. "Lehenengoarekin lortu nahi duguna da orain arte bildutako ondarea herritarrei erakustea eta ezagutaraztea, baita erabilgarri izatea ere", aditzera eman dute idazle taldetik. Bigarrenarekin, aldiz, artikuluen eta gaien inguruko interesa dutenak bildu nahi dituzte: "Zeha-tzago esanda, edozein artikulu, gai, argazki edo agiri jasotzen duenak horietatik abiatuta sortutako dokumentuaren edo lanaren berri jaso nahi dugu eta horri dagokion balioa eman. Azken horretarako, gaien deskarga egiteko euskarriak jarri dira: formularioa eta kontaktua".

Gainera, edozein aldizkari liburu gisa ikusteko eta irakurtzeko aukera dago eta 1982tik 2020ra arte artikulu eta gaien aurkibidea dago.

"Oraingoa ilusio handiz osatutako proiektu komunikatibo eta digital honen hasiera baino ez da. Izan ere, aurrera begira beste ekimen batzuei heltzekotan gara, eta hori, orain arte bezala, herritarrekin batera landuko dugu", aurreratu dute.