- Udaletik gogorazi dutenez, hainbat urte dira Hernaniko Udala herriko ondarea balorean jartzen hasi zela. Horretarako egitasmo ezberdinak burutzen ari da, horien artean Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egitea.

Horrela, 2020ko jardunaldien baitan, Hernaniko hurrengo zitak urriaren 17an izango dira. Alde zaharrean bisita komentatuak burutuko dira. Lehenengoa 10.00etan izango da, euskaraz; bigarrena, gaztelaniaz, 12.00etan. Abiapuntua Biteri kultur etxea izango da.

COVID-19ak sortutako ezohiko egoera dela eta, hamar lagun baino gehiagoko taldeak ezin dira osatu, beraz, antolatutako bisitetarako izena eman behar da aurretik Udal Artxibo Zerbitzuan (artxiboa@hernani.eus / 943 337 030) edo Turismo Sailean (turismoa@hernani.eus/ 943 337 028). Oraindik plaza batzuk libre badaude.

Aurtengo programaren izenburua Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza da. Europako Kontseiluak bultzatutako ekimen honen helburua ondarea herritarrengana hurbiltzea da, eta ondarea osatzen duten elementuen gaineko sentsibilizazioa eta kontserbazioa sustatzea. Edizio honetan, Hernaniko Udalak parte hartzen du, eta dagoeneko bi ekitaldi burutu dira.

Irailaren 24ean Txuso Gomezek eta Haritz Muñoak ondarea.hernani.eus webgunea aurkeztu zuten Biteri kultur etxean. Eta aurreko larunbatean, urriak 3, Joxe Ramon Berrondok San Joan Bataiatzailea parroki elizan bisita gidatu eta historia, ezaugarriak, elementuak e.a. komentatu zituen.

Bestalde, Behemendi elkarteak, Buruntzaldeko turismoa suspertzeaz arduratzen den entitatea, eta eskualdeko sei Udalek sei bisita gidatu eskainiko dituzte iraila eta urrian zehar, bana udalerri bakoi-tzean.

Hurrengo ibilaldia urriaren 10ean Urnietan izango da. Adarramendi inguru paregabeaz gozatu eta bertan dauden aztarna megalitikoak, errekasto, larre, zuhaitz lepatu eta bista ederrak ezagutzeko proposamena luzatu dute.

Irteera honek lau ordu inguruko iraupena izango du eta abiapuntua 9.30ean Besadegi, Besabi jatetxeko aparkalekua, izango da.

Jakina denez, segurtasun neurri batzuk bete beharko dira COVID-19aren hedatze arriskuak saihesteko: musukoa eramatea beharrezkoa da, segurtasun distantziak mantenduko dira eta aforoa mugatua izango da, bederatzi pertsonak gehienez parte hartuko du. Beraz, aldez aurretik erreserbatu beharko da plaza donostialdea@behemendi.eus helbide elektronikora idatziz edo 656 705 243 telefonora deituz.