"Udaran ohikoa izaten da jendea pilatzea Urumearen inguruan. Baina aurtengo udan, pandemiaren ondorioz edo, inoiz baino jende gehiago etortzen ari da eta arazo larriak sortzen ari dira. Erabilera gehiegizkoa izaten ari da eta ingurunearekiko eta auzokideekiko errespetu falta izugarriak ikusten ari gara", salatu zuen Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak. Erabilera masibo honek arazo ugari sortzen ditu: trafikoa, hondakinak, suak, txakurrak aske ibiltzea eta zarata, esaterako.

ernaniko Udaleko, Ereñotzuko eta Foru Aldundiko ordezkariak atzo elkartu ziren, Fagollaga inguruan, Urumea ibaiak udaran jasaten duen erabilera masiboak eta okerrak sortzen dituen kalteak salatzeko. Orobat arauak errespetatzeko eta arduraz jokatzeko eskatu zieten hurbiltzen diren herritarrei.

Zaborrari dagokionez, Hernaniko Udalak udan indartzen du hondakinak biltzeko zerbitzua eta ontziak jartzen ditu. "Okerrena, ibaiaren er-tzean bertan ere zikinkeria egoten dela da, asteburuetan bereziki", erantsi zuen Lertxundik. Ontzietan utzitako hondakinak egunero jaso-tzen direla azaldu zuen, baina lekuz kanpo uzten direnak ez direla biltzeko errazak adierazi zuen.

Trafikoari dagokionez, aparkaleku batzuk egokitu dira, baina errepide osoan aparkatzen dituzte kotxeak. "Errepide estua da eta txirrindularien ohiko ibilbidea eta jokaera horiek egoera arriskutsuak sortzen dituzte. Aurten egon dira istripu ba-tzuk", ohartarazi zuen, Ereñotzuko auzo-alkateak, Unai Erroitzeneak.

Zarata da aisialdi eredu honen beste albo kalteetako bat: "Batzuk bozgorailu handiekin etortzen dira, eta bertako bizilagunentzat, faunaren-tzat eta ganaduarentzat ez da batere atsegina", salatu zuen.

Txakurrak aske uztea debekatuta dagoela gogorarazi zuten Foru Aldundiko ordezkariek. "Errekan sartzen dira, harriak mugitzen dituzte eta bertako ekosisteman kaltea eragiten dute", argitu zuen Inma Lizaso teknikariak. Horrekin batera, baserrietako ganaduarentzat ere eragozpenak sortzen dituzte.

Sua egitea debekatua dagoela gogorarazi zuten, hala ere 40 bat pizten dituzte asteburuetan. Hiru erakundeek basozainekin elkarlanean salaketak eta isunak jarri dituzte.

Izan ere, Urumea ibaia Europako naturgune babestuen sarean dago, biodibertsitatearen babesa helburu duen Europar Batasuneko Natura 2000 sarearen barruan, alegia. Gipuzkoan ere balio handiko ingurunea da, fauna eta florari dagokienez. Hernaniko udalerrian Urumea ibaiaren hamaika bat kilometro igarotzen dira.