- Astigarragako Erribera kultur etxe berria datorren larunbatean inauguratuko da herritarren parte hartze aktiboarekin. Egun osoko egitaraua prestatu da eta guztira 82 artista eta sortzailek parte hartuko dute.

Programa Hika Teatroak eta Astigarragako Udalak osatu dute. An-tzerki taldeko zuzendariak eta inaugurazioko koordinatzaileak, Agur-tzane Intxaurragak, atzoko agerraldian egitarauaren zehaztasunak eskaini zituen: "Ez da bakarrik kultur etxe berriari kaixo esatea, Kontxaeneari (orain arteko kultur etxea) agur ere esan behar zaio. Horregatik, lekualdatze honi, Zapata berriak deitu diogu".

Honela, inaugurazioa Kontxaenean hasiko da 9.30ean. "Herritarrek aukera izango dute Kontxaeneari azken bisitaldia egiteko. Bisitan zapata zaharrak erantzi eta berriak (poltsan ekarritakoak) jan-tziko ditugu. Zapata zaharrak Kontxaeneatik sakabanaturik geratuko dira, izan denaren lekuko", azaldu zuen.

Kontxaeneari azken agurra 12.00etan egingo zaio Agur jaunak eta andreak abestuz. Festak ordu erdi beranduago jarraituko du Erribera kultur etxe berrian, bertan herriko artista eta eragileen emanaldiak ikusteko aukera egongo da.

Gainera, 13.30ean eta 18.00etan kultur etxe berrian ibilbide artistikoak burutuko dira. COVID dela eta, talde bakoitza 90 pertsonetara mugatuta egongo da. Partaideak postalen egitasmoan esku hartu dutenen artean egingo den zozketa baten bitartez aukeratuko dira. Gainera, 19.00etan lekualdatze honen inguruan herriko 40 pertsonen gogoetak eta testigantzak jasotzen dituen dokumentala estreinatuko da. Saio hau bertan dauden bisitarientzat eta dokumentalean parte hartu dutenentzat eskainiko da.

Igandean ere, zenbait ekitaldi gauzatuko dira. Honela 10.00etan, 11.00etan eta 12.00etan hamar pertsonentzako bisitak antolatu dira. Ikusten bada jendearen interesa handia dela, sarrera gehiago jarriko dira eskuragarri. Gainera, 17.00etan 18.00etan dokumentala proiektatuko da. Bi ekitaldietarako sarrerak Udaleko webguneko plataformaren bidez edo udaletxean bertan eskuragarri daude.

Atzoko agerraldian parte hartu zuten ere Xabier Urdangarin alkateak, Belen Olaziregi dantzariak, Inma Aramburo biolinistak eta Ain-tzane Barandiaran Kultur zinego-tziak. Azkeneko honek Erriberaren helburu nagusia publiko berriak sortzea dela azpimarratu zuen.

Ekintzak Kontxaenea ekipamendu zaharrean hasiko dira zapata zaharrak bertan utziz eta pare berri bat jantziz