- Aurten bizitzen ari garen pandemiaren aurrean, herritarren segurtasuna bermatzeko, Astigarragan ez dira egun hauetan Santio jaiak ospatuko. Baina osasun arloan lan egiten duten herrikideen lana eta esfortzua goraipatu nahian, pregoia beraiek irakurtzea erabaki da. Langileek bideo bat grabatu dute www.astigarraga.eus helbidean ikus daitekeena.

Bideoan, herritarrek izandako jarrera txalotzeaz gain, musukoak erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute eta osasun publikoaren aldeko mezuak bidali dituzte, inbertsio gehiago eskatuz eta murrizketen kontra.

Aldi berean, Udaleko webgunean ere, Eragiyok abesbatzak Santio jai berezi hauen programaren baitan, kontzertua eskaini dute. Simon eta Aritz Goikoetxea txalapartarien eta Txirris-kla txistulari taldearen laguntzaz, euskal musikako zenbait pieza grabatu ditu azken egunotan Astigarragako hainbat txokotan. Online emanaldi honetarako, sinbolismoz betetako kantuak aukeratu dira. Hamabost minutuko emanaldia da.