- #IzanAktibista ekimena aurkeztu dute aste honetan Hernaniko Udalak eta Berriak merkatari elkarteak. Kanpaina honek Hernaniko merkataritza, ostalaritza, zerbi-tzu eta turismo sektoreetako enpresak laguntzeko helburua du.

Kanpaina hau Hernaniko Udalak COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko egindako ekintza planaren baitan kokatzen da. Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernaniko alkateak aurkezpenean adierazi zuenez, "ekimen hau gauzatzeko Hernaniko Udalak 100.000 euroko aurrekontua du. Jendea aktibatzea da helburua, egiten den kontsumoa bertan egitera bultzatuz, aktibista izanez".

Izan ere, ekimen honen bidez, Hernaniko Udalak ondasun eta zerbi-tzuak erosiko dizkie hainbat sektoretako enpresei, jarraian Udalak berak antolatutako hainbat dinamizazio ekintzen bitartez banatuko direnak.

Konkretuki, martxan jarriko diren ekimenak hiru dira: #IzanAktibista ostalaritzan, #IzanAktibista turismoan, eta azkenik, #IzanAktibista merkataritzan.

Ostalaritzari dagokionez, uztailaren 21etik abuztuaren 31ra bitarte Hernaniko 65 ostalaritza establezimendutan hazka eta irabazi moduko boletoak banatuko dira bezeroen artean. 1.500 opari zuzen gordetzen dira boleto hauetan. Eta hori ez da dena, saririk lortzen ez duten boletoak nork bere datuekin bete eta tabernetako kutxetan botaz gero, ekimenaren amaieran, irailaren 3an, egingo diren zozketa erraldoietan parte hartzeko aukera egongo baita.

Turismoaren esparruan, abuztuan zehar, kanpaina digital bat jarriko da abian sare sozialen bidez, turismo arloko eragileei erositako opariak zozketatzeko: Chillida Leku museoko sarrerak, Galarreta Jai-Alai esperientzia eta erremonte partidak, otorduak Hernaniko jatetxeetan eta egonaldiak Hernaniko alojamenduetan. Azken astean sari berezi bat banatuko da: otordua Fagollaga jatetxean, bi gaueko egonaldia Arrobi ostatuan, Chillida Lekuko sarrera eta Galarreta Jai-Alai esperien-tzia eta erremonte partidak.

Azkenik, #IzanAktibista merkataritzan ekimenari dagokionez, irailaren 18ko Merkataritza Festa egunean zortearen erruleta jarriko da martxan, parte hartzen duten herritarren artean sariak banatzeko.

Banatuko diren oparien erosketak ondorengo sektoreetan diharduten enpresei egingo dizkie Hernaniko Udalak 100.000 euro horiekin: artisautza eta kultura, teknologia, jarduera fisikoa eta mugikortasuna, ongizatea eta turismoa.

Hernaniko Udalak 100.000 euro gastatuko ditu artisautza eta kultura, teknologia, jarduera fisikoa, ongizate eta turismoan