- Zaharberritutako erlojua elizako dorrean berriz jarri aurretik, Sutegin uztailaren 19ra arte jarri duten erakusketan erakutsiko dute. Erlojua ez ezik, erlojuaren historia azalduko duten panelak eta ikus-entzunezko bat jarri dituzte ikusgai. Erakusketaren ordutegia 18.00etatik 20.00etara da.

Duela lau bat urte kendu zuten erlojua elizako dorretik, auzolanean zaharberritzeko asmoz, eta horren ordezko sistema bat jarri zuten, zaharberritu bitartean funtziona-tzen jarraitu zezan. Erloj-Eruak lagun taldeak eta Usurbilgo Udalak hitzarmen bat sinatu zuten lan hori gauzatzeko, 2017an, eta haiekin batera aritu dira elkarlanean Yeregui Elkartea, Salbatore parrokia eta Usurbilgo Lanbide Eskola.

Historia handiko erlojua da, herriarekin duen gertutasunagatik. Benito Yeregui Goldarazenak egin zuen, eta 1912.urtean muntatu zuen elizako dorrean. Tradizio luzeko errementari-erlojugileen familiakoa zen Benito. Bidea zabaltzen lehena Francisco Yeregui izan zen, 1760an Lei-tzan jaioa: hark egina da Beteluko San Pedro elizako erlojua, 1796an. Ordutik, bost belaunaldik jarraitu zuten langintza horretan: Benito, hirugarren belaunaldikoa izan zen. Benito Yeregui 1843an jaio zen, Betelun (Nafarroa). 1872an Aginagara joan zen bizitzera, Martina Manterolarekin ezkonduta, eta Ezpaldi Berriko sutegian jarraitu zuen errementari-erlojugile lanetan. Erloju guztiei jarri zien zenbaki bat: Usurbilgoak 80a darama, eta egin zuen azkenekoa izan zela uste da.

Benito Yereguik eraikitako erloju gehienak Ezpaldi Berriko sutegian egin zituen, eta halaxe adierazten zuen erlojuen identifikazio plaketan: "Construido en Aguinaga de Usurbil". 1907. urte inguruan Zumaiara lekualdatu zen, eta 1910ean Benito Yeregui e Hijos enpresa sortu zuen, bere seme zaharrenarekin batera, Calixto Yereguirekin. Han egin zuen Usurbilgo elizako erlojua, eta Morez bezala izendatu zuten.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak erakusketaren inaugurazioan nabarmendu zuenez, herriko ondarea zaindu, berreskuratu eta balorean jartzea da Udalaren xede nagusietako bat: "Kultur ondarearen sorburuetan arakatu, gure aurreko belaunaldiak, izen-abizenez ezagutu, euren langintzen berri izan eta horren berri eman, ondorengo belaunaldiok ezagut dezagun". Erlojua, "herriak duen altxorra" dela esan zuen. Horrez gain, elkarlanean zaharberritu izana goraipatu zuen: "Bestelako balio batzuk nagusitzen ari diren gizarte eta gobernantza ereduen aurrean, elkarlanaren, lankidetzaren, eta auzolanaren apologia egin nahi dut, nekez eraiki baitaiteke komunitatea komunitaterik gabe".