- Osasun krisia tarteko, Usurbilgo Udalak 410.000 euro bideratu ditu, orain arte, horren ondorioei aurre egitera, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez aste honetan eskainitako prentsaurreko batean, Udaleko talde politiko guztien babesarekin.

"Lehen unetik, pertsonak erdigunean jarri, eta kolektibo zaurgarrienengan jarri dugu begirada, elkar-zaintza, elkartasuna eta erantzunkidetasuna oinarri hartuta", azaldu du alkateak. Eta oinarri horri jarraituta hartutako neurri zehatzak ere gogoratu ditu, besteak beste, oinarrizko elikadura bermatzeko dirulaguntzak, ahalik eta zerbitzu publiko gehien mantentzeko ahalegina edo bertan behera utzi behar izandako zerbitzuetako langileak babestekoa, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa indartzea, adinekoen isolamendua eta bakardadea arintzeko deiak eta hondakinen bilketa berezia.

Udalean ere eragina izango du osasun krisiak, aurreikuspenen arabera, %20 inguru gutxituko baitira diru-sarrerak. "Bistan da horrek 2020ko aurrekontuak berregoki-tzeko eskatuko digula, alegia, gastuak gutxitzea: gure kalkuluen arabera, 1,6 milioi euro inguru murriztu beharko ditugu", aipatu du Solaberrietak.

Gauzak horrela, orain arte bezala, lehentasunak finkatu eta horren araberako neurriak hartuko ditu Udalak aurrerantzean ere: "Gizarte eta ekonomia sarearen zaintza dugu lehentasun, eta horretan egingo dugu ahalegin ekonomikoa". Hiru dira lehentasunak: tokiko ekonomia laguntzea (bereziki, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea), euskal kultura laguntzea (bereziki, tokiko sortzaileak) eta gizarte babesa indartzea. Eta lehentasun hauek betetzeko laguntza eta ekintza zehatzak aurkeztu dira.

Bestalde, alarma egoerarekin batera, duela bi hilabete, aurrez aurretiko udal zerbitzu gehienak bertan behera gelditu ziren, baina deseskaladaren lehenengo fasearen etorrerarekin batzuk berriz martxan jarriko dira. Izan ere, lehengo astean Udaleko eta Gizarte Zerbitzuetako harrera zerbitzuak martxan jarri zituzten, baina derrigorrezkoa izango da zita hartzea (udaletxea: 943 371 951 eta gizarte zerbitzuak: 943 377 1 10).

Gainera, ekainaren 1ean liburutegiko mailegu sistema jarriko da martxan (eta 15ean sartzea baimenduko da), Potxoeneako lokalak herritarren erabilerarako irekiko dira eta kultur ekintzen agenda berraktibatuko da.

Udal eta Gizarte Zerbitzuen aurrez aurreko arreta martxan jarri dira eta ekainaren 1etik beste zerbitzu batzuk emango dira