Astigarraga - Edozein herritarrek Astigarragan nabaritzen dituzten gabeziak edo hobetu edo berritu nahi dituzten gauzak proposatu di-tzakete. Hiru bide daude horretarako: etxez etxe banatu den eskuorria herrian eta udal eraikinetan kokatu diren postontzietan uztea, www.astigarraga.eus web orrian aurkitu duten formularioa betetzea edo proposamena zuzenean alkatetza@astigarraga.eus helbidera bidaltzea.

Udal postontziak, konkretuki, udal eraikinetaz gain, Kontxa Etxeberria plazan, Joseba Barandiaran plazan, Errekatxo Enparantzan, Ergobia Plazatxoan eta Norberto Almandoz plazan kokatuta daude.

Proposamenak onartuak izan daitezen hiru baldintza bete behar dituzte: eskumena Udalarena izatea (adibidez, Lurraldebusek zerbitzu gehiago eskaintzea ezingo litzateke eskatu, gai hau Foru Aldundiaren esku dagoelako), gehienezko aurrekontua 210.000 euro baino txikiagoa izatea eta proposatutako obra teknikoki bideragarria izatea.

Proposamen guztiak jasota, bigarren fasera iritsiko lirateke, non udal teknikariek ideia guztien bideragarritasuna baloratuko duten.

Hirugarren fase batean, proposamen finalistak aukeratuko dira eta azkenik, herritar guztiek erabakiko dute bozka bidez zein lan burutuko diren.

Aurrekontu parte-hartzaileen aurkezpenean, Xabier Urdangarin alkateak aditzera eman zuenez, hurrengo faseen egutegia oraindik zehaztu gabe dago. "Jasotzen diren proposamenen arabera denbora gehiago edo gutxiago beharko dute teknikariek azterketa egiteko", esan zuen. Dena dela, Udalaren kalkuluen arabera, herri bozketa apirilaren bukaerarako antolatzea aurreikusten dute.

Alkateak gaineratu zuenez, aurtengo herritarren esku utzi den diru kopurua bikoiztu egin da 2019an ez zelako prozesu hau gauzatu.

Azkenik, aurreko urteetan, ekimen honi esker, eskolako jolastokia estali dela eta zahar-egoitzan berritze-lanak egin direla gogorazi zuen. 2018an pumptrack-a (bizikleten pista) egitea erabaki zen, baina obra hau oraindik gauzatu gabe dago Ergobia parean eraikitzen ari diren urbanizazioan joango delako. "Hala ere, laster izango dugu Arrobitxulon", baieztatu zuen.