Usurbil - Datorren urtarrilaren 31n aurkeztuko die herritarrei Usurbilgo udalak legegintzaldi plan berria, Sutegiko erakusketa gelan. Legegintzaldiak irauten duen lau urteetan zer eta noiz egin zehaztu dute dokumentu horretan. Udal Gobernuko kideen eta udaleko teknikarien zein langileen artean osatu dute, Aztiker ikergunearen laguntzarekin.

Udal taldetik aditzera eman dutenez, datozen lau urtetarako plangin-tzarako EH Bilduren hauteskunde programako neurriak izan dituzte oinarri, baina horiek ez ezik, lehendik martxan zeuden proiektuek ere jarraipena izango dute legealdi berrian.

Azpimarratu dutenez, urritik abendura bitartean egindako hainbat bilera eta lan saiori esker egin dute dokumentu hori. Lehen-lehenik, galdetegi bat bidali zieten udaleko langile, teknikari eta ordezkari politiko guztiei.

Denen ekarpenak kontuan hartuta egin zuen lehenengo zirriborroa Aztikerrek. Gero, langileen arteko lan-saioan, zirriborroaren inguruko ekarpenak jaso zituzten, eta behin betiko dokumentua osatu, alegia, langile guztientzat 2019-2023 legealdirako erreferentziazkoa izango den lan dokumentua.

Herriari begirako lanak ez ezik (Ostapeko sarrerako biribilgunea eta autobus geltoki berria, Emakumeen Etxea, Txirikorda etxebizitza zain-tza eredu berri bezala...), udal barruan egin beharrekoak ere barne hartu ditu lan-dokumentu horrek. Izan ere, legealdiko erronka handienetako bat digitalizazioa izango da; administrazio elektronikorako trantsizioa, alegia. Udala berrantolatzea ezinbestekoa da horretarako, eta hainbat aldaketa eragingo ditu udaletxeko espazioari, artxiboari eta herritarren harrera zerbitzuari dagokienez. "Lan potoloa izango da, eta, horregatik, trantsiziozko legealdia izango da hau, alegia, Usurbilgo Udalak administrazio elektronikora jauzi egiteko legealdia", azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Otsailean, hain zuzen, langile bat kontratatuko du Udalak zeregin horri ekiteko. Aldaketa ugari ekarriko ditu barne-funtzionamenduari begira: lan egiteko moduak eta ohiturak aldatu beharko dira. Modu horretan, herritarrei zerbitzu "hobea eta eraginkorragoa" ematea da helburua, Solaberrietaren esanetan.