- Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak aurtengo diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Izena emateko epea uztailaren 19an itxiko da eta BAZen edota hondarribia.eus gunearen bidez egin daiteke. Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak atzo nabarmendu zuenez, “iazkoa bezala, aurtengoa ere urte berezia izaten ari da, osasun egoerak baldintzatuta gaudelako”. Ildo horretan, Hondarribiko Udalak kulturaren alde aurrera eramaten duen “etengabeko lanaren” barne kokatu zituen laguntza hauek Silanesek. “Hondarribiarren onurarako kultura jarduerak antolatzen dituzten irabazizko helbururik gabeko eta Hondarribian errotutako pertsona edo entitateek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek”, zehaztu zuen zinegotziak, deialdiak ekitaldi hauek sortzen duten defizit ekonomikoa arintzeko helburua duela azpimarratuz. Denetara 42.000 euro banatuko dira urtean zehar Hondarribian ekintza kulturalak antolatu dituzten entitate eta eragileen artean.