Hondarribiak 6,7 milioi ditu aurten hiri antolamendurako

Gobernuak Hirigintza eta Mugikortasun arloetako aurrekontuak aurkeztu ditu

11.02.2021 | 00:41
Ezkerretik eskubira, Carrion, Sagarzazu eta Silanes, udaletxeko Areto Nagusian. Foto: N.G.

irun Hondarribiko Udalak 6,7 milioi bideratuko ditu aurten mugikortasuna, ingurumena, hirigintza eta mantenu lanak kudeatzeko. Hala iragarri dute aste honetak udal Gobernutik, 2021eko aurrekontuen zati honetako helburua "Hondarribian bizi direnen bizi kalitatearen alde egitea dela" nabarmenduz.

Txomin Sagarzazu alkateak azaldu zuenez, pandemiak arlo hauetan eragina izan du ere azken urtean. Mugikortasun departamentuan, adibidez, hainbat zeregin aldatu direla adierazi zuen Sagarzazuk, birusari aurre egiteko pertsonak eta baliabideak erabili baitira. Hirigintzari dagokionez, HAPOaren kontrako sententzia mahaigaineratu zuen alkateak, honek Udalaren partez bi erabaki eragin dituela gogoratuz: batetik, kasazio errekurtsoak jartzea, eta bestetik, tramitazio berria abian jartzea.

Bere aldetik, Juan Luis Silanes Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak hiriko eskolen inguruen lanketan sakonduko dela jakinarazi zuen, Bitoriano Juaristi kaleko eta Baserritar etorbideko irisgarritasuna hobetzeko proiektuen bidez. Gainera, Portu auzoan autoen abiadura murrizteko kanpaina bat abiaraziko dela aurreratu zuen Silanesek.

Bestalde, Udalak Hondarribiko azokaren eta bertako ekoizleen aldeko "apustu serioa" egin duela azpimarratu zuen zinegotziak, orain dela gutxi honen irudi komertziala berritu baita. Ingurumenaren ildoari jarraituz, Jaizkibel mendiko gune naturalak babesteko eta balioesteko administrazioak Aranzadirekin elkarlanean arituko dela jakinarazi zuen ere.

Ondoren, Gonzalo Carrion zinego-tziak hirigintza eta kale zein udal altzarien mantenimenduaz hitz egin zuen eta zifrak eman zituen. Hala, Hondarribiak hirigintza eta etxebizitzaren administrazio orokorrerako 1.163.000 euro diru aurten, eta beste 1.077.000 bide publiko eta kaleen garbiketarako.

"Ondare historikoaren kudeaketarako 686.000 euro dauzkagu, Alde Zaharreko eta Harresietako planak garatzen jarraituko dugularik", jarraitu zuen Carrionek, San Nikolas zubia berritzeko 370.000 euro erabiliko direla gehituz. Hiriko ekipamendu publikoak mantentzeko 2,2 milio erabiliko dira.

Argiteriari aipamen berezi bat egin zion Carrionek, Udalak datozen urteetan led argiak hiri osoan jartzea helburu duela azalduz: "Inbertsio handia eskatzen du hasieran baina gero fakturak asko jaisten dira eta epe luzera ezinbesteko gastua da".