- Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) baliogabetzearen harira, EH Bilduko udal taldeak egoerak “akatsetatik ikasteko aukera” ematen duela uste du. Alderdiaren ustez, dokumentuaren falta “arazo larria da”, eta berriz idaztea “prozesu luzea, korapilatsua eta garestia da”.

Aste honetan taldeak kaleratutako komunikatuaren arabera, Hondarribiko HAPOa “gaizki egin zen” arren, problemetatik haratago aukerak ere badaude. Ildo horretan, dokumentua berregiteko bost proposamen egin ditu taldeak: hiriaren turismo ereduaren gogoeta bat egitea, Udalak ze motatako turismoa sustatu nahi duen zehazteko; zaintza eta gizarte zerbitzuak zabaltzea; balio ekologiko handiko eremuetan Zaldunbordan aurreikusitakoa bezalako merkatal gune erraldoiak alde batera uztea; ondasun naturalak, zaindu, babestu eta garapen sozialerako erabiltzea, eta, azkenik, hondarribiarrak urte osoan bizitzeko moduko hiri eredu bat sustatzea.