- Hondarribiko Udalak bizikletak aparkatzeko hainbat gune jarri ditu azken egunotan Talaia Institutuaren inguruan eta Amuteko auzoan. Azaroan zehar honelako hainbat gune instalatu zituen tokiko administrazioak "Bordari Ikastetxean, Mendelun, Portuko Elizaren atzealdean, Uria Harresia kalean, San Nikolaseko zubiaren aurrean, eta Jostaldi frontoiaren inguruan", Juan Luis SIlanes Ingurumen zinegotziak atzo gogorarazi zuenez. "Udako hilabeteetan hondartza inguruan iaz jarri genituen guneak dira. Orain beste erabilera bat eman nahi izan diogu, eta, beraz, herritarren hainbat iradokizun jaso eta Udalean bertan aztertu ondoren, Hondarribian zehar jarri ditugu", azaldu zuen zinegotziak. Ekimena Hondarribia Mugitzen ari da proiektuaren barnean burutu du Udalak, eta horren helburu nagusietako bat herritarrek ibilgailu pribatua gutxiago eta bizikleta gehiago erabiltzea da.