- Udalaren egutegiaren aurtengo berritasun nagusia, lehiaketa baten bidez hiritarrak bidalitako lanak erabili direla da. Aste honetan hiriko Herritarren Arretarako zinegotzi den Maria Serranok jakitera eman duenez, lehiaketaren lehenengo edizioa "oso arrakastatsua izan da". Izan ere, guztira 347 pertsona, hondarribiarrak eta kanpotarrak, hartu dute parte eta 686 argazki bidali dituzte egutegia osatzeko, "zifra oso interesgarriak" Serranorentzat.

Iaz, Udalak Hondarribiko udal marka berria sortu zuenean, kanpaina horretako irudiak erabili ziren 2020ko egutegia osatzeko. Oraingoarekin Udalak "herritarren parte-hartzea sustatu" nahi izan duela adierazi zuen zinegotziak, "argazkiak bidali nahi izan dituzten pertsonak izan baitira egutegiaren benetako protagonistak". Gainera, pandemiaren harira lehiaketa gehienak bertan behera utzi behar izan direla eta, Udalak argazki lehiaketa bat egin nahi zuela azaldu zuen Serranok.

Hala, lehen edizio honetako epaimahai kalifikatzailea Floren Portu eta Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarrek osatu dute, eta bidalitako 686 argazkien artean hamabi hautatu dituzte egutegirako. Ildo horretan, Serranok herriz kanpoko parte-hartze handia nabarmendu zuen, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Kantabria, Madril, Valentzia eta Frantziako parte-hartzaile ugari egon direla azpimarratuz.

Hamabi saridunak hurrengoak izan dira: Joseba Olaskoaga (urtarrila), Ainhoa Uranga (otsaila), Ana Ayuco (martxoa), Laura Defelippe (apirila, Nagore de Gregorio (maiatza), Eladio Ainas (ekaina), Samuel Moraga (uztaila), Oskar Gascon (abuztua), Iñigo Alzugaray (iraila), Jose Angel Anchustegui (urria), Ander Lopez (azaroa) eta Ignacio Campo (abendua). Saridunak Matxin Artzu kaleko turismo bulegotik pasa beharko dira bere sariak jasotzeko. Mugikortasunarekin eta azokarekin lotutako irudiek azokan gastatzeko bonu bat ere jasoko dute.

Egutegiaren argitaratu diren 3.000 aleak Arma Plazako edo Portuko turismo bulegoetan dohainik eskuratu daitezke.