- Hondarribiko Udalak argazki lehiaketa bat antolatu du 2021erako egingo duen egutegia osatzeko. Hala jakinarazi du aste honetan Maria Serrano Hiritarrekiko Harremanetarako zinegotziak: "Iaz Hondarribia marka hedatzeko egin genuen egutegiari jarraipena eman nahi diogu, eta datorren urteari begira, Hondarribiko argazkiekin egutegi bat egin nahi dugu". Beraz, nahi duen orok bere argazkiak bidali ahal izango ditu posta elektronikoz argazkiakhondarribia@gmail.com helbidera edo mezu pribatu bidez Udalaren kanal sozial ofizialen bidez, Facebook (HondarribikoUdala), Twitter (@HondarribiaUdal) eta Instagram (hondarribiko_udala). Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake, bere datuak Udalari helaraziz. Lehiaketan 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Argazkiek Hondarribiarekin zerikusia izan beharko dute eta lanak bidaltzeko epea urriaren 30ean bukatuko da. Argazki irabazleen autoreen artean 100 euroko hamabi sari banatuko dira, hilabete bakoitzeko bat.