- Irungo Euskarako zinegotziak, Mónica Martinezek, eta Euskaraldia hirian kudeatuko duen dinamiza-tzaileak, Lide Redondo, ekimenerako prestakuntza lanak hasi direla iragarri zuten atzo, Zabaltza plazan egindako agerraldi batean. Beraiekin batera, Uvesco taldeko Marketing saileko zuzendaria, Pedro Galdos, eta Bidasoa Irun eskubaloi klubeko presidentea, Gurutz Aguinagalde, egon ziren, bi entitateek aurtengo Euskaraldiarekin bat egingo dutela dagoeneko baieztatu baitute.

Datorren azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte Euskaraldiaren bigarren edizioa ospatuko da eta Irungo entitateak hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialerako prestatzen hasi dira dagoeneko. Aurtengoan, Euskaraldia berritasunekin dator: ahobizi eta belarriprest rolak ez ezik, ariguneak sortuko dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.

Redondok azaldu zuenez, bi motatako ariguneak sotuko dira: barne-ariguneak, entitateetako barne-funtzionamenduan euskara sustatzeko, eta kanpo-ariguneak, hizkuntza herritarrekiko harremanetan sustatzeko. Irungo entitateek irailaren 27ra arte izango dute aukera Euskaraldirako izena emateko. Ildo horretan, Martinezek argitu zuen bezala, ariguneak sor-tzeko langintza prozesuan entitateek "Udalaren erabateko lagun-tza" izango dute.

Euskaraldiaren lehen edizioan egin zen bezala, ekimena gizarteko hainbat eragiletako ordezkariek osatutako lantaldearen eta Udalaren artean antolatzea da asmoa. Prozesu hori irailaren 17an hasiko da, Euskaraldia Batzordearen lehenengo bilerarekin. Bilera irekia izango da eta Palmera Montero Guneko bigarren aretoan ospatuko da arratsaldeko 18.00etan. Bilera irekia bada ere, aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da irun@euskaraldia.eus helbidera idatziz.