- Aurten oso bereziak izango diren Hondarribiko Jai Nagusietarako kartel eta argazki lehiaketak antolatu ditu Kultura departamentuak. Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak aste honetan zioenez, "gauden egoera berrian, une hauetan Udala azterketa sakona egiten ari da herriko jaien inguruan. Datozen egunetan hartuko dugu erabakia baina horrek ez du zertan eraginik izan behar jaietako kartel eta argazki lehiaketan. Urte berezia izango dela ziurra da". Beraz, Jai Nagusietako kartel lehiaketan edozeinek har dezake parte. Teknika librea izango da, lanak orijinalak izan behar dira, eta neurriak, aldiz, 70 bider 50 zentimetrokoak, bertikalean. Irabazten duenak 650 euroko saria jasoko du, eta bere obra jaiak iragartzeko kartel ofiziala izango da. Bigarren sailkatuak 300 euroko saria izango du zain, eta 200ekoa hirugarrenak. Argazki lehiaketan parte hartzea ere irekia da eta Hondarribia kokaleku duten zuri-beltzeko edo koloretako argazkiak onartuko dira. Lanak aurkezteko epea uztailaren 14an itxiko da, BAZen.