- COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarri diren segurtasun neurriek Irungo Solas Jolas ekimenaren garapena baldintzatuko dute. Egoerak zailtasunak sortzen dituen arren, 267 neska-mutilek parte hartuko dute uztailean eta abuztuan antolatu diren taldeetan. Solas Jolas ekimena euskararen erabilera sustatzea xede duen programa da.

Osasun egoera kontuan harturik, haurren eta begiraleen segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko, zenbait aldaketa burutu dira programaren antolakuntzan. Lehenik eta behin, aurreikusitako neurriak bete ahal izateko, eskeinitako plazen kopurua murriztu egin zen. Horregatik, aurtengo haur taldeak, gehienez, seikoak izango dira Haur Hezkuntzako ikasleentzat, eta zor-tzikoak Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Gainera, ezin izango dira ohiko txangoak egin eta taldeak hirian zehar ibiliko dira.

Eusko Jaurlaritzak segurtasuna bermatzeko ezarritako protokoloa uneoro bete beharko da; horregatik, haurrei tenperatura egunero hartuko zaie eta taldeen sarrerak eta irteerak mailakatuko dira. Horrez gain, haurrek eta begiraleek maskararekin joan beharko dira denbora guztian.

Ildo horretan, familien lankidetza ezinbestekoa izango dela badakitela azaldu dute Irungo Euskarako arlotik eta etxean, egunero, haurrei tenperatura hartzeko eta sukarrarik izanez gero etxean geratzeko deialdia luzarazi diete haurren familiei.

Zenbakitan, uztailean 38 talde daude, eta abuztuan, zazpi egongo dira. Gainera, aniztasun fun-tzionala duten 11 haur ere badaude, eta, guztira, 267 parte-hartzaile (225 uztailean eta 42 abuztuan). Aurten aldeak bereizita mugitzen ari dira eta ez dute elkarren artean eragituko beste urte batzuetan bezala.