"Herrian dauden behar sozialei erantzuteko aukera izango dugu


01.05.2020 | 01:31

Oiartzun – Aste honetan Oiartzunen burututako apirileko ohiko Udalbatzan, zazpi zinegotzik, EH Bilduko bostek eta EAJko bik, parte hartu zuten presentzialki eta gainekoek etxetik telematikoki jarraitu zuten bilera.

Landu zituzten gaien artean, Urkabe Baitan zuzkidurazko eta alokairu sozialeko etxebizitzak garatu ahal izateko, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenean aldaketak sartzea onartu zen. EH Bilduren aldeko botoekin atera zen aurrera gaia. EAJ abstenitu egin zen.

Jexux Leonet alkateak Gobernu taldea egitasmoarekin eta hitzarmenarekin "gustura" dagoela azaldu zuen: "Herrian dauden behar sozialei erantzuteko aukera izango dugu, Plangintza Urbanistikoak eremu horretarako ematen dizkigun aukerak errespetatuz. Gainera, Elizalde auzoa eta Urkabe eremuaren arteko lotura seguru eta txukuna lortuko dugu".

Rafael Bergaretxe EAJko zinego-tziak euren abstentzioa azaldu zuen: "Ez gaude ados proiektuarekin. Ez dugu esaten ez direnik behar zuzkidurazko etxebizitzak, baina ez eremu horretan".

Lintzirin Gainerako gaiak aho batez onartu ziren. Horien artean, Lintzirin eremuan zerbitzu-bidea eraiki ondoren geratu diren udal jabetzako lur soberakinak 20 urterako, Udalak haien beharrik ez balu, Leroy Merlin, Easo Motor eta Argitze Eder enpresei uztea dohainik erabaki zen, aparkaleku gisa erabiltzeko. Izan ere, Udalak azaldu zuenez, erabaki hau hartu da enpresa horiek zerbitzu-bidea eraikitzeko lurrak zesioan eman zituztelako.

Azkenik, ohikoa denez, Udalba-tzan Gobernu taldearen protokolo gastuen berri eman zen. Martxoan 500 euro erabili ziren inprenta-lanetan. Apirilean, aldiz, ez da gasturik egon.