- Bi bide daude soilik Hondarribira errepidez sartzeko: Jaizkibeletik eta Amutetik. Azken hau askoz erabiliagoa da eta atzo Udaltzaingoa bertatik pasatzen aritu zen eta hirira zihoazen autoen kontrolean zebilen, osasun-krisiaren harira ezarritako neurrien bete-tzea zihurtarazteko.

Eskualdean koronabirusak eragin dituen segurtasun neurriak Hondarribiko San Pedro kalean dagoen Hawaii gozotegiraino iritsi ziren atzo. Dendaren atean ipinita zegoen kartel batek hurrengoa zioen: "Gehienez bost pertsona sartu daitezke une berean, beti metro bateko tartea gordez".

Marian Salguerok, Hawaiiko dendariak, San Pedro kaletik "oso jende gutxi" zebilela zioen. "Goizea lasaitasunez igaro da, ogia pixkat motelago saldu dugu, baina ohiko salmentekin konparatuz nahiko ondo mantendu da", azaldu zuen okinak. Hiritarrei dagokionez, gehienek "oso kezkatuta" zeudela gehitu zuen Salguerok, izan ere, "egoera luzerako joango dela ematen duelako".

San Pedrotik oso hurbil, Bernat Etxepare kalean, Hondarribi estankoan egoera desberdina zen. Establezimenduko arduradunarentzat, Eider, osasun-krisiak ez zion kalte handirik egin, atzo arte gutxienez, tabako salmentari.

Kalean bizitzen den egoerari erantzuna emateko, Hondarribiko alkateak, Txomin Sagarzazuk bando bat kaleratu zuen atzo COVID-19aren aurka egiteko neurri berriekin. Beraz, inguruko udalerriek egin duten antzera, atzotik "eta berriro jakinarazi arte", udal bulegoetan eta zerbitzu publiko guztietan, Udaltzaingoan izan ezik, aurrez aurreko arreta eten egin zen. Arreta hori telefonoz edo telematikoki (udal webgunean) emango da.

Bestalde, bandoak jakitera ematen zuenez, TAOko tiketak saltzeko makinak desgaituta geratu dira eta, beraz, zerbitzua bertan beheta utzi da datozen asteetarako. Horrez gain, hondartza, haur-parke guztiak eta komun publiko guztiak itxita egongo dira.

Amaitzeko, Sagarzazu alkateak "erantzukizunez jokatzeko" deialdia luzatu zien hiritarrei, eta bereziki "martxoaren 14ko Errege Dekreatuak ezarritako agindu guztiak bete ditzaten, osasun-krisi larria guztion artean gaindi dezagun".