hondarribia - Emeki elkarteak eta Hondarribiko Udalak antolatuta, datorren martxoaren 8an Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduera ugari izango dira egun horretara daraman astea girotzeko. Hala, Emakumearen Astea igande honetan, martxoak 1, hasiko da.

Lehenengo ekitaldia Emekik Mari Carmen Iruretagoienari egingo dion omenaldia izango da. Duela ia mende erdi Jaizkibel kanpina ireki eta aurrera atera zuen Iruretagoienak. Omenaldia igandean izango da, eguerdiko 12.00etan, Emeki elkarteak Molla ibilbidean duen lokalean.

Ondoren, igande arratsaldean, 19.30ean, Viudas filmea eskainiko du Udalak Itsas Etxea Auditoriumean. Gotzone Larrartek, Berdintasun zinegotziak, Emakumearen Astea aurkezteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, "Emekik egindako eskari bati jarraituz" eskainiko da pelikula.

Hurrengo ekimena astelehenean irekiko den Emakume artistak erakusketa izango da, Arma Plazako eraikineko bigarren solairuan, martxoaren 8ra arte ikusi ahal izango dena. Arma Plazako ordutegia ondorengoa da: astelehenetik larunbatera 10.00etatik 18.00etara, eta igandetan 10.00etatik 14.00etara.

Asteazkenean, martxoak 4, Emakumeak Arte Impresionistan izeneko hitzaldia eskainiko du Maria Jose Noain arkeologoak. Arratsaldeko 19.00etan izango da Emeki elkarteko lokalean.

Ostiralean, hilak 6, arratsaldeko 17.30etik 18.30era, ipuin kontari saioa egongo da 4 eta 8 urte arteko haurrentzat, Molla ibilbideko instalakuntzetan.

Larunbatean, martxoak 7, Emakumeen Pala Txapelketaren finalak jokatuko dira Soroetako frontoian, eta arratsaldeko 19.30ean Raketistak lehen eta orain filmea dohainik eskainiko da Itsas Etxean.

Azkenik, martxoaren 8an, Emeki elkarteak bat egingo du Irundik aterako den manifestazioarekin. Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko ibilaldia Arrantzale Auzoan amaituko da, eguerdian.

Txomin Sagarzazu alkateak eskerrak eman zizkion Emekiri "emakumearen papera balioan jartzeko urte osoan egiten duen lanagatik".