hondarribia - Hondarribiko Gazte Asanbladako kideek pasa den urteko apirilaren 19an Egiluz jauregiko ateak zabaldu zituzten bertan gaztetxe bat ezartzeko proiektua aurrera eramateko. Legez eraikina Elizarena da, eta horregatik Asanbladako lau kide auziperatu zituzten iaz usurpazio delitua egotziz. Gazteak epaiketa hartatik absolbituak atera ziren, baina abenduan bigarren epaiketa prozesu bat martxan jarri zen. Azkenik, pasa den astean gazteek eraikina uzteko agindu judiziala jaso zuten.

Egoera ikusita, Gazte Asanbladak ohar bat kaleratu du prozesu honetan inplikatuta egon daitezkeen eragile guztiei negoziaketaren bidez konponbide bat bilatzera deitzeko asmoarekin. "Orain arte egin dugun bezala, konpromezu honetan berresten gara. Negoziaketarako gure borondatea serioski hartzeko eskatzen dugu, agindua berehalakoa baita, eta hortaz denbora amaitzear baitago", diote gazteek kaleratutako oharran.

Ildo horretan, Asanbladak Elizak eraikinarengan duen jabetza zalan-tzan jartzen du: "Elizak ez du eraikin hau ezertarako behar. Bestela ez zuten hamar urtez eraikin historiko hau mantenurik gabe utziko, hautsez, hezetasunez eta itoginez betetzen". Argudiaketa jarraituz, Egiluz jauregiari erabilera duina eman diola aldarrikatzen du Asanbladak, Hondarribiak gazteen aisialdia kudeatzeko leku bat, espazio politikoa eta gune sozial baten "beharrean" dagoelako.

"Ezin dugu ahaztu egunerokoan eragile askoren egoitza dela gaztetxea, ezta astero-astero denbora guzti honetan zehar bete ditugun egitarauak ere: kontzertuak, hitzaldiak, selektibitaterako errefortzurako klaseak, eta abar", jarraitzen du Asanbladaren oharra. Bukatzeko, urte honetan jaso duten babesa eskertzen dute gazteek. - J.G.