Lasarte-Oriak martxoaren 25ean hartuko du Korrikaren 24. edizioa, bi urtean behin euskararen alde milaka herritar mobilizatzen dituen ekimenaren baitan. AEK-k antolatutako lasterketak euskararen erabilera sustatzea eta euskaltegien lana babestea ditu helburu, eta Udalak iragarri du kultur eta jai egitarau zabala prestatu duela egun horren bueltan.
Konkretuki, Lasarte-Orian, martxoaren 25ean honako egitaraua izango da: goizean, Korrika Txikia, herriko ikastetxeetako ikasleekin; 12:55 aldera, Korrika herritik pasatuko da, Errekaldetik sartuz eta Usurbilerantz jarraituz; 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen haurrentzako ikuskizuna, Okendo plazan eta 18:30ean, LOZETeko erraldoi eta buruhandiak, txarangarekin batera, kalez kale. Gainera, Korrikaren aste osoan, haurren marrazkien erakusketa Mercero gunean.
Egitarau honen bidez, Lasarte-Oriak Korrikaren urratsa ospakizun kolektibo gisa bizitzeko prestatu du herria, instituzioen eta herritarren arteko elkarlanaren bidez euskararen erabilera eta sustapena indartuz.
Aurkezpen ofiziala
Honenbestez, asteazken honetan Udalak eta AEK euskaltegia egindako agerraldian, Ainara Elicecheak, Kultura zinegotziak, iragarri du 24. Korrikaren aurkezpen ekitaldia martxoaren 13an izango dela, 18:30ean, kultur etxeko auditorioan. Bertan parte hartuko dute herriko kultur eragileek, tartean Xumelak, Erketz, Kukuka, Alboka eta Jalgunek. Ekitaldian petoak banatuko dira, eta ondoren DJ festa izango da Oriarteko patioan, gazteei zuzenduta.
Korrika Kulturalaren egitarauak ere hainbat proposamen bildu ditu: IKIMILIKILIKLIK vol.2, otsailaren 26an (19:00): txalaparta, pianoa, kantua eta antzerkia uztartzen dituen proposamena, Intza Alkain aktorearen parte-hartzearekin; Jo, Magma Miaren eskutik, martxoaren 7an (20:00), Beatriz Egizabal eta Anduriña Zurutuzarekin eta AA Aita, Jon Plazaolaren bakarrizketa, martxoaren 14an (19:00), aitatasunari buruzko gogoeta umorez eta ikuspegi pertsonaletik landuz.
Konpromiso instituzionala
Estitxu Alkortak, Euskara zinegotziak, nabarmendu du Korrika “aukera ezin hobea” dela herriak euskararekiko duen atxikimendua erakusteko. Azpimarratu duenez, hizkuntzaren etorkizuna herritar guztien inplikazioan dago: euskaraz bizi direnengan, ikasten ari direnengan eta hizkuntzaren aldeko jarrera aktiboa dutenengan.
Udalak ekimenean parte hartuko du kilometro bat erosiz eta antolatutako jarduerei babes ekonomikoa emanez. Alkortaren hitzetan, eguneroko jarrerak funtsezkoak dira: euskaraz hitz egitea, ahal den neurrian, eta hizkuntza ez dakitenek ere errespetuz jokatzea. “Euskara guztiona da, eta bere etorkizuna elkarrekin eraiki behar dugu”, gaineratu du, aurtengo leloarekin bat eginez.
Amaitzeko, Andoni Salsamendik, AEK Muntteriko arduradunak, gogorarazi du Korrika 1980an sortu zela, euskararen aldeko kontzientzia piztu eta euskaltegiei babesa emateko. Gaur egun, herri mugimendu zabal eta errotua da, hiru helburu nagusirekin: euskararen erabilera sustatzea, helduen euskalduntzea indartzea eta konpromiso kolektiboa aktibatzea.