Alokairu sozialeko 36 etxebizitza egin dituzte Zumarragan
Giltzak apirilaren 25ean banatuko dituzte, 10.30ean Zelai Arizti aretoan
Eusko Jaurlaritzak alokairuko 108 etxebizitza egin ditu Zumarragako Eitzaga auzoan. 72 babes publiko ofizialekoak dira eta beste 36ak sozialak. Babes publiko ofizialeko etxebizitzen giltzak abenduan banatu zituzten Zelai Arizti aretoan eta etxebizitza sozialen giltzak apirilaren 25ean banatuko dituzte. Giltza banaketa toki berean izango da, 10.30ean.
Giltzen banaketa ekitaldiaren dataren berri gaur eman dute. Ekitaldian Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, David Lucas Etxebizitza eta Hiri Agendako estatu idazkariak, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Patricia Val Hevia Alokabideko zuzendari nagusiak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute.
Itxasok Zumarragako etxebizitza eskariaren berri eman du. “369 bizikidetza unitate daude inskribatuta Etxebiden. Horietako 300 alokairuko etxebizitza baten bila dabiltza. 167 udalerrian erroldatuta daude eta 133 Urola Garaiko gainontzeko herrietakoak dira”.
Eskatzaileen artean gazteak eta bakarrik bizi direnak nagusitzen direla gehitu du. “Eskaeren %48 36 urtetik beherakoek egin dituzte eta 137 bizikidetza unitate pertsona bakarrekoak dira”.
Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitzen aldeko apustua egin duela gogoratu du eta Zumarragan etxe gehiago egingo dituztela aurreratu. Geriatriko zaharreko lursailean 24 zuzkidura bizitoki eraikiko dira. “Ahalmen ekonomiko txikia duten pertsonei etxebizitza eskuratzeko aukera ematea da helburua. Logela bateko 20 eta bi logelako lau egingo dira. Horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo da. Obra 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran abiatuko da eta 22 hilabete inguru iraungo du”, gehitu du Itsasok.
Forjas eremuan, berriz, alokairuko 44 etxebizitza babestu egingo dira. Obra 2028ko urtarrilean hastea espero dute.
Itxasok, Lucasek eta Serranok erakundeen arteko elkarlana azpimarratu du. Izan ere, Eitzagako etxeak udalak utzitako lurretan egin dira eta obra Etxebizitza eta Hiri Agenda ministerioaren bidez bideratutako Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da. Aurrekontua 12,3 milioi eurokoa izan da eta Europatik jasotako laguntza 4,7koa.
Zumarragako alkatea pozik azaldu da. “Harro egoteko moduko eguna da. Administrazioen arteko kolaborazioari esker 108 etxebizitza lortu ditugu. 108 etxebizitza horiek gazteen emantzipazioa bultzatuko dute. Forjasen eta geriatriko zaharrean gehiago egingo dira, gainera. Eskerrak eman nahi dizkiet egitasmo honetan parte hartu duten guztiei. Denok batera etxebizitza gabezia egoerari aurre egiten ari gara”, esan du Serranok.
Lucasek ere kolaborazioa goraipatu du. “Arazo handia dugu. Etxebizitzarena arazo handiena da. Konponbidea erakundeen arteko kolaborazioa da. Eusko Jaurlaritzari eta Visesari eskerrak eman nahi dizkiet egin duten lanagatik. Euskadin egiten ari diren lana eredugarria da”.