Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren jaia Eskoriatzan ospatuko da apirilaren 18an
Hezkuntza komunitatea indartzeko eta eskualdeko ikastetxe publikoen arteko sarea estutzeko aukera paregabea izango da festa
Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren bigarren jaia apirilaren 18an ospatuko da Eskoriatzan, bi urteurren bereziren inguruan: Goieskolak mende laurdena betetzen du aurten, eta Luis Ezeiza Herri Eskola 55 urteko ibilbidean murgilduta dago. Festa, ondo pasatzeko ez ezik, eskola publikoa bultzatzeko, indartzeko eta aldarrikatzeko aukera paregabea ere bada. “Proposamenez betetako eguna izango da”, aurreratu dute antolatzaileek.
Adin guztiei zuzendutako ekintzak prestatu dituzte, haur, nerabe eta helduentzat: Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna; erraldoi eta buruhandiak; puzgarriak; kirol txapelketak; kontzertuak (Babesgabe, Perlata, 4D/49, Alarma Morea eta Etxepe); gimnasia erritmiko eta tela akrobazia erakustaldiak; tailerrak; elkarteen azokak; herri bazkaria; Ad Libitum txarangaren kalejira, eta Aliritzi erromeria, besteak beste.
Proiektu bateratua
Goieskola Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren proiektu bateratua da, bederatzi herritako ikastetxe eta institutuek osatua: Eskoriatza eta Leintz Gatzagako Luis Ezeiza; Aretxabaletako Lehen Hezkuntzako Kurtzebarri eta Kurtzebarri DBH; Arrasateko Herri Eskola, Arrasate Institutua eta Helduen Hezkuntza Iraunkorra; Aramaio Herri Eskola; Oñatiko Urgain eta Zuazola-Larraña Institutua; Bergarako San Martin de Agirre ikastetxea, Ipintza Institutua, Helduen Hezkuntza Iraunkorra; eta, Angiozar, Elgeta eta Antzuolako Herri Eskolak. Guztira, 5.000 ikasle, 3.200 familia eta 650 irakasle eta langile batzen dituzte, hain zuzen.
Hamabost ikastetxe publiko hauek “saretzea, eskaerak koordinatzea, laguntza ematea eta eskaintzen duten kalitatezko hezkuntza bailara mailan balioeztea eta zabaltzea” dira helburuak. “Komunitatea gara eta etorkizuna eraikitzen jarraitu nahi dugu. Debagoieneko Euskal Eskola Publikoko jai honek komunitatea indartu eta gure arteko saretzea sendotzeko balioko duela ziur gaude”, azpimarratu zuen aurkezpenean Goieskolako lehendakari den Itziar Arregik.
Ildo beretik mintzatu zen Koldotxo Guraso Elkarteko ordezkaria Mercedes Sosa: “Luis Ezeiza Herri Eskola hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiontzat xede garrantzi-tsuenetako bat da bizikidetza positiboan heztea. Beraz, antolatu dugun festak hezkuntza komunitatea indartzeko balioko du, hala nola eskola, herri maila eta Goieskola”. Halaber, Luis Ezeizak, eskola publikoa “ezagutarazten”, estigma ezkorrak “ezabatzen”, eta, “eskola guztiona eta guztiontzat” dela aldarrikatzen lanean jarraituko duela ere nabarmendu zuen Sosak.
"Jai mundiala" izango da
Azkenik, Luis Ezeizako zuzendari den Maitane Gomez de Segurak jaiaren antolaketa posible izan dadin ekarpenak egin dituzten bederatzi herritako udal eta erakundeei eskerrak eman zizkien. “Koordinazio eta lan handia eskatzen duen ekimena da, baina egin diren bilera guztietan gogoa eta umorea ez dira falta izan. ”, esan zuen Gomez de Segurak.
Egun horretan mugitzeko erraztasunak jarriko dira. Horrela, inguruko herrietatik autobus bereziak egongo dira egun osoan zehar, “Eskoriatzara iristea erraza izan dadin”. Xehetasun guztiak aurrerago jakinaraziko dira.l