Abenduko Zumarragako osoko bilkura Josu Aztiria EH Bilduko zinegotziaren azkena izan zen. Aztiriak karguari uko egin zion, legebiltzarkide lanarekin bateraezina zaiolako. Bere lekua Aimar Alberdik hartuko du. EH Bilduko kideak osoko bilkurara joan ziren eta amaieran lore sorta oparitu zioten. Ondoren, Zumarrragako udaletxeko sarreran argazkia atera zuten.

Karguari egindako ukoaren berri ematea osoko bilkuraren amaieran izan zen eta bai Aztiriak eta bai Zumarragako Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdietako kideek hitza hartu zuten. Aztiria hunkituta azaldu zen. “Ez nuen zuen bisita espero. Oso zaindua sentitu naiz eta oso eskertuta nago. Oso harro nago osatu dugun komunitateaz”, esan zien Aztiriak osoko bilkurara joan ziren EH Bilduko kideei.

Udalbatzako gainontzeko kideei ere eskerrak eman zizkien. “Eskerrik asko udaleko gainontzeko kideei. Zorte onena opa dizuet. Eskerrik asko udal langileei ere, bereziki Luciari (Okariz) eta Agurtzaneri (Basabe) zuen prestutasunagatik. Eskerrik asko ere kazetariei, herritarrei eta elkarteei”, esan zuen.

Alderdikideak bereziki gogoratu zituen, noski. “Eskerrik asko ni zaintzeagatik. Jarraitu zaintzen, entzuten, herria egiten. Aimarri zorte onena opa diot”. 

Herritarrak zinegotzi izatera animatu zituen. “Zinegotzia izatea, herria ordezkatzea, ohorea da. Hori dela eta, herritarrak zinegotzi izatera animatu nahi ditut. Lana ematen du, baina gozatu ere egiten da”, esan zuen.

Horretaz gain, EH Bildun aritzea “ohorea” dela aipatu zuen. “Bide onetik goaz. Legebiltzarkidea banaiz, komunitateari esker eta zinegotzi bezala egin dudan lanagatik da. Muxu handi bat zuei eta zumarragar guztiei”, amaitu zuen Aztiriak.

Aritz Elgarresta alderdikidea izan zen hitza hartu zuen hurrengoa. “Eskerrak eman nahi dizkizugu egin duzun lanagatik. EH Bilduk Zumarragan izan duen garapena ezin da ulertu zu gabe. Harro egon zaitezke egin duzun lanarekin. Bide honetan benetako lagun bat aurkitu dut. Gaitasun handiko pertsona zara. Ez da sorpresa izan zu legebiltzarrera heltzea. Gasteizen Zumarragan dugun altxor bat deskubritu dute. Ez agur eta ez gero arte, lan taldeko kide izaten jarraituko baituzu”, esan zuen EH Bilduko bozeramaileak.

EAJko Josu Idigorasek ere Aztiriaren izaera eta berak egindako lana goraipatu zituen. “Ibilbide berrian ondo moldatzea espero dut. Balioan jarri nahi dut nolako pertsona zaren. Espero dut Gasteizen ere herriaren alde lan egitea”, aipatu zuen zinegotzi jeltzaleak.

Hitza hartzen azkena Mikel Serrano alkatea izan zen. “Zorterik onena opa dizut. Segi Zumarragaren alde lanean Gasteizen eta joaten zaren gainontzeko tokietan. Gauza askotan ez gara ados egon, baina zorionak eta eskerrik asko Udalaren eta herriaren alde egin duzun ekarpenagatik”, amaitu zuen alkateak.