Errenteriak igandean txistorra eta azoka izango ditu
Aurtengo San Tomas eguneko txerriak festaren aurkezle izan den Pello Urreagaren izena hartu du bere omenez
ErrenteriakNeguko Solstizioa-San Tomas eguna ospatuko du datorren igandean, abenduaren 21ean, urte luzez errotutako azokari eutsiz eta hura euskal baserriaren, naturaren eta kulturaren jai egun bihurtuta. Herriko hainbat eragilek eta norbanakok osatutako Neguko Solstizioa-San Tomas Batzordeak antolatu du eguna, aurreko hamarkadetan baserritarrek data honi ematen zioten zentzuari jarraipena emanez, gaur egungo errealitatera egokituta.
Azokaren bidez, baserritarren lana eta tokiko kontsumoa erdigunean jarriko dira. Herritarrek bertako produktuak eskuratzeko aukera izango dute, 0 kilometroko elikagaiak lehenetsiz eta baserritarren egoerari buruz hausnartzera gonbidatuz, gero eta nekazari gutxiago dagoen testuinguruan. Horrez gain, artisauen postuak, txistorra eta talo guneak, eta eguneko protagonista izango den zerria —Pello izenekoa— ikusgai egongo dira Zumardian. Egunak giro herrikoia izango du, bertsolarien, txistularien, txarangen, trikitilarien eta muxikoen eskutik.
Pello Urreaga eta Maertxe Etxeberria
Aurtengo edizioan, omenaldi berezia egingo zaio urteetan egunaren aurkezle izan den Pello Urreagari.Ohiturari jarraituz, haren izena jarriko zaio eguneko protagonistari, keinu xume baina esanguratsu baten bidez.
Aurkezpenean ere abenduaren 1ean zendutako Mertxe Etxeberria gogoan izan zuten eta honek egiten zuen moduan guztiek ezpainak gorriz margotu zituzten.
Batzordeak, halaber, hainbat balio azpimarratu ditu: errespetua pertsonenganako zein animalienganako, kontsumo arduratsua, ingurumenaren zaintza eta euskararen erabilera. Herritarrei baserritar jantziak ateratzeko, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko deia egin diete, baita eraso sexistarik gabeko espazio seguru baten aldeko konpromisoa berretsi ere. Testuinguru globalean, Gazako herritarren egoera ere gogoan izan dute, eta Israelen aurkako boikot neurriak hartzea erabaki dute zenbait eragilek.
Antolakuntza
Antolatzaileen esanetan, helburua argia da: herri osoari jaia eskaintzea, kalean elkartu, gozatu eta auzolanaren bidez komunitatea sendotzeko.
Antolatzaileek nabarmendu dute jaia elkarlanaren emaitza dela, eta horretan parte hartu dute, besteak beste, Ereintza Dantza Taldeak, BPANek, Landarbaso abesbatzak, AEK-k, Oiarso Saskibaloi Taldeak, Berti Prest dantza taldea, hainbat ikastetxetako ikasleek, auzo elkarteek eta Udalak. Erabakiak modu parte-hartzailean hartu direla azpimarratu dute, iritzi eta ahots guztiei tokia emanez.