Udaleko Euskara sailak datozen urteetarako Azkoitiko Euskara Plana ontzeko parte-hartze prozesua abiatu du, plangintzan herritarren ikuspegia eta ekarpenak txertatzeko xedez.
Erabilera eta presentzia
Prozesu honen bidez, Udalak euskararen erabilera eta presentzia indartzeko politika eraginkorrak diseinatu nahi ditu, herritarren eguneroko errealitatetik abiatuta.
Lanketa horren baitan, Euskara Sailak Azkoitian euskarak bizi duen egoeraren inguruko datu esanguratsuak eman ditu, eta, aldi berean, galdetegi bat zabaldu du herritarren iritzia jasotzeko.
Neurriak
Helburua da aztertzea zein arlotan indartu behar den euskararen erabilera eta zer neurri edo ekimen berri jar daitezkeen martxan etorkizunean.
Behin galdetegia erantzun duten herritarren proposamenak jasota, Udalak, Euskara Mahaiarekin batera, bi bilera ireki antolatu ditu.
Elkargunea
Lehen bilera abenduaren 17an egingo da, eta bigarrena urtarrilaren 21ean. Bi saioak Elkargunean izango dira, 18:30etik aurrera.
Abenduaren 17ko saioan, orain arte jasotako proposamenak azalduko dira, eta ekarpen berriak egiteko aukera ere egongo da.
Urtarrileko bileran, berriz, Aroa Planaren behin-behineko proposamena aurkeztuko da, herritarren balorazioa jasotzeko asmoz.
Gaur egungo datuak
Azkoitian egin den ikerketa baten arabera, euskeraren erabillera Euskadi, Gipuzkoa eta Urola Kostako batazbestekoaren gainetik dago, %67 ingurukoa.
Gainera, azken urteotan hobekuntza izan du: 2014tik sei puntu igo da erabilera.
Hizkuntza ezagutzari dagokionez, lau biztanletik hiruk ondo ulertzen eta hitz egiten dute euskara (%76), %10ek ulertzen dute baina adierazteko zailtasunak dituzte, eta %14 dira gaztelaniazko hiztunak.
Adinari begira, 5 eta 24 urte arteko taldeek dute hizkuntza nagusiki eta gehien erabiltzen dute.
Hala ere, azken zortzi urteotan haurren artean %5eko jaitsiera izan da, eta horrek neurri espezifikoak hartzea eskatzen du.