Aspacek 24 lagunentzako eguneko zentroa eta 11 lagunentzako etxebizita estreinatu ditu Urretxun. Pasiotarren komentua zegoen tokian. Bertan, adinekoentzako apartamentuak ere egin dira. Helburua herrigunean egitea izan da, erabiltzaileak herrian integratuta egon daitezen.
Inaugurazio ekitaldia gaur eguerdian izan da. Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako buruak parte hartu dute.
Hasteko, adierazpenak egin dituzte. Ondoren, etxebizitzak eta eguneko zentroa bisitatu dituzte. Bukatzeko, Pagoeta gune soziokulturalean ekitaldi instituzionala eta luntxa egin dituzte. Ekitaldi instituzionalean Iñaki Akizu pasiotar urretxuarra omendu dute, bere laguntzagatik. Aurreskua dantzatu diote. “Eraikina esku honetan gelditu da. Lan bikaina egin duzue”, esan du.
Udalak pasiotarrena zen eraikina utzi du eta inbertsioaren zatirik handiena Aldundiak egin du: aurrekontua 4.554.000 eurokoa da eta Aldundiak 3.940.000 euro jarri ditu. Ondoren zati handi bat berreskuratu du, 3,2 milioi lortu baititu Europako Next Generation funtsetik.
Aspacek mende erdi darama Urretxun eta denbora horretan hainbat egoitza izan ditu. Aspaceren ibilbidea eta bilakaera ondo ezagutzen dituen inor bada, hori Miguel Angel Gomez urretxuarra da. Izan ere, hasieratik darama Urretxuko Aspacen. Bera da ere eguneko zentro berriaren eta etxebizitzaren garrantziaz hitz egiteko egokiena. Izan ere, Aspacek Urretxun etxebizitzarik ez zuenez, herritik joan beharra izan zuen. Orain, instalazio berriei esker, jaioterrira itzuli da.
Gaurko ekitaldiko protagonistetako bat izan da, noski. Bera izan da hitza hartzen lehena. “Oso pozik nago, herrira itzuli naizelako. Lehen beti ziztu bizian ibiltzen nintzen alde batetik bestera eta hemendik aurrera lasaiago bizi ahal izango naiz”, aipatu du.
Monica Moro Aspaceko langileak prozesua luzea izan dela esan du. “Denbora asko pasa da egoitza berri baten bila hasi ginenetik. Jendea zahartu egin da eta egoitza berriak etxebizitza izatea behar genuen. Udalak toki hau eskaini zigun eta aukera bikaina da”.
Urretxuko alkatea ere pozez gainezka azaldu da. “Eguneko zentroaren eta etxebizitzaren ondoan, adinekoentzako apartamentuak, Pagoeta gune soziokulturala, ikastola, emakumeen etxea… daude. Izan ere, helburua erabiltzaileak herrian integratzea da”.
Mendozak alkatearen hitzekin bat egin du. “Alkatearekin bat nator. Honek gure lanari zentzua ematen dio. Etorkizunean ere elkarrekin lan egiten jarraitzea espero dut. Elkarrekin lanean, guztiok onena ematen, denei onena emateko”.
Iglesiasek Urretxuko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman dizkie. “Iritsi da horrenbeste itxaron dugun eguna. Instalazioak punta-puntakoak dira. Guretzat oso garrantzitsua da Urretxun jarraitzea, herri honek oso ondo hartu baikintuen eta herrian antolatzen diren ekimetan parte hartzen uzten baitigu”, amaitu du.