Elgoibar Ikastolaren historia iruditan
Ikastolaren historia, izaera eta bihotza bildu dituen dokumentala gaur, abenduak 10, aurkeztuko da Herriko Antzokian.
Kilometroak egitasmoaren bueltan sortu zen ElgoibarIkastolaren ibilbideari buruzko dokumentala, eta jendaurrean aurkeztuko dute gaur, abenduak 10, Herriko Antzokian, 19.00etatik aurrera.
Lankidetza zabala
Proiektua Elgoibar Ikastolak bultzatu zuen hasieratik, eta lankidetza zabala izan du: Badihardugu, Elgoibarko Izarra, Ikastolen Elkartea eta Elgoibarko Udala batu ziren dokumentala elkarrekin osatzeko.
Lan honek Elgoibar Ikastolaren historia, izaera eta bihotza bildu ditu, ikuspegi komunitario eta partekatu batetik.
Herritik sortutako proiektua
Ikastolako arduradunen hitzetan, “Ikastola herritik sortutako proiektua den heinean, bere historia eta etorkizuneko begirada komunitatearekin partekatzeko saiakera” izan da dokumentalaren helburua, “herrira begira eta herriarekin batera egina”.
Azaldu dutenez, ez da iraganari soilik begiratzeko ariketa izan, baizik eta “nor garen ulertzeko eta nor izan nahi dugun irudikatzeko aukera”.
Ibilbide luzearen testigantza
Dokumentalean ikastolaren ibilbidea osatu duten pertsonen ahotsak jaso dira: ikasleak, familiak, irakasleak, langileak eta herritarrak.
Sortzaileen arabera, lana ikastolaren memoria kolektiboaren eta etorkizunaren arteko zubia da, belaunaldien arteko lotura indartu eta proiektu partekatu baten perspektiba eskaintzeko.Ikastolaren historia
1962. urtean sortua
Elgoibar Ikastolak 1962. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Herriko euskaldun eta euskaltzaleen ekimena izan zen eta euskara bultzatzeko hainbat saio eta ekintzen ondorengo pausu gisara eratu zen.
Baimenik ezak arazo legal ugari sortzen zituen eta horiek ekidin nahian Elizaren babesa izan zuen eta “Escuela Parroquial San Bartolomé” izenarekin jardun zuen lehen urteetan.
1993an irakasleen partaidetzarekin eta gurasoen ordezkariekiko kontsultak ere kontuan hartuz, Ikastolaren Hezkuntza-Proiektua onartzen da.
Urte berean, maiatzaren 24an, Euskal Eskola Publikoaren legearen aurrean, sare publikoan ez integratzea erabaki zen.
2001eko abenduaren 12tik aurrera, gaur egun duen Elgoibar Ikastola izena hartzen du eta 2002 urtetik aurrera egun duen egoitzan biltzen dira ziklo eta etapa guztiak.