Síguenos en redes sociales:

Nekane MindegiaErrenteriako tatuatzailea eta ekintzailea

“Tatuajeak ez dituzte gazteek bakarrik egiten, helduagoek ere hasi dira, estereotipoak hautsi dira”

Nekane Mindegiak Errenteriako Miguel Alduntzin kalean zabaldu du bere tatuaje estudioa: Erlauntza.

“Tatuajeak ez dituzte gazteek bakarrik egiten, helduagoek ere hasi dira, estereotipoak hautsi dira”Aitziber Muga

Bizitzaren gauza garrantzitsu asko bezala, Nekane Mindegiak bidai batean deskubritu zuen bere pasioa. Maiatzetik Errenterian tatuajearen munduan eta ogibidean toki eta izen propio bat egiten dabil.

Zuri noiz piztu zitzaizun tatuak egiteko grina? 

Ni psikologiako karrera ikasten hasi nintzen, baina ez ninduen bat ere gustatu. Erasmus egitera joan nintzen eta han estudio batera gerturatu nintzen. Gunearekin eta tatuatzailearekin asko konektatu nuen eta interesa piztu zitzaidan. Betidanik, txikitatik, gustatu zait marraztea eta diseinatzea eta pentsatu nuen ni ere saia nintekeela tatuajeak egiten. Etxera bueltatu nintzenean, nire bizitza aldatu nuen. 

Nolakoa izan da zure bilakaera tatuajeen arloan? 

Hasieran mandarinen azaletan hasi nintzen praktikatzen, gero materia sintetikoetara salto egin nuen eta azkenik lagunekin hasi nintzen praktikatzen modu prekario batean. Orduan estudio ezberdinetan aritu nintzen ikasten, hasieran Donostiako estudio batean eta gero beste batzuetan. Praktika gehiago nuenez, nire estudioa Oreretan irekitzera animatu nintzen.

Noiz zabaldu duzu lokala 

Tatuajeak egiten hasi nintzela lau urte eraman ostean, maiatzean erabaki nuen Miguel Alduntzin kaleko lokal hau erostea.

Nolako harrera izan du zure negozioak? 

Ondo joan da hilabete hauetan eta jendeak erantzun du. Egia da hasieran kosta egiten duela zure lana ezagutzera emateak eta herri honetan konpetentzia handia dago nahiko estudio daudelako tatuajeak egiten dituztenak. Baina, ahoz ahoko transmisioak oso ondo funtzionatzen du eta negozioa martxan hasi da. Esan dezakedana da hilabetetik hilabetera jende gehiago hurbiltzen dela.

Eta nolako perfilak dauka zure estudioara gertutzen den bezeroak? 

Ez dago perfil finko bat. Jende ezberdina gerturatzen da, adin eta genero desberdinetakoa, baita herri desberdinetakoa eta hori oso positiboa dela iruditzen zait. Ez dago estereotipo bat edo zeuden estereotipoak hautsi dira. Lehen tatuajeak makarrek eta rock and roleroek egiten zirutuzten eta gaur egun edozeinek eraman dezake bat.

Tatuaje zaletasuna dago? 

Bai, geroz eta gehiago. Egia da lehenago, esan dudanez, lehen tatuaje mundua tabu zela, jende estigmatizatua erabiltzen zuen zerbait zela eta tatuaje bat zuenak lana bilatzeko arazoak zituen. Gaur egun, nahiz eta zenbait arlotan estigma hori mantendu, orokorrean hautsi dela esan genezake eta jende gehiagok egiten ditu. Tatuajeak ez dituzte bakarrik gazteek egiten, badago 40 urtetik gorako jendea era bere gaztetasunean ez zuela imajinatzen inoiz tatu bat edukiko zukeenik eta orain hasi dira animatzen beraien ehenengo tatuak egiten. 

“Nire espazioa artisau gazteei eskaintzea gustatzen zait, Erlauntza izena jarri nion estudioari lan komunitarioa sinbolizatzeko”

Batzuek dolua gainditzeko pauso bat bezala erabiltzen dute tatuajea, beti oroitzapena bere soinean eramateko. 

Bai egia da badela dolua edo etapa hori isteko modu polita. Jendeari gustatzen zaio amarengatik, senitarteko batengatik edo bere maskotarengatik egitea. Arrazoia garrantzitsua bada, tatuaje bat egiteak indarra dauka. 

Zer da gehien eskatzen dena? 

Marra fina eta tatu txikiak. Orain modan dago tatu txiki asko egitea partxeak bezala, adibidez, besoan zehar tatu txiki asko. Hori asko eskatzen da. Koloreei dagokienez, beltza da gehien eskatzen dena, koloreak orain gutxi eramaten dira.  

Beti artista izan zara? 

Bai, beti gustatu zait eskuekin lan egitea, eskolanak eta dena nire eskuz egitea, ez hainbeste erostea. Txikitan beti nire opariei nire kutsua ematen nien, askotan materialak berrerabiltzen nituen. Artisautzatik tiratzen nuen asko.

Zure dendan tatuajeez gain beste produktu batzuk ikusten dira. 

Bai, nire espazioa denda fisikoa ez duten artisau edo artisteei eskaintzea gustatzen zait, askotan ez delako erraza zure lana erakustea. Egun, hiru artisau gazteen ekoizpena ikus daiteke. Nahikarik poltsoak eta koleteroak josten ditu, Paulak belarritakoak egiten ditu eta Imanolek belarritakoak, lepokoak eta pultserak sortzen ditu. Hirurak Oreretakoak dira.

Beste diseinatzaileen lana zabaltzen duzunez, zure estudioari Erlauntza deitzea erabaki zenuen? 

Bai, azken finean erleek taldean lan egiten dute, baina bakoitzaren lana ere oso garrantzitsua da eta izenarekin lan komunitario hori sinbolizatu nahi nuen. Nahiz eta txikiak izan danok dugu gure garrantzia. Ni nago denda honen egunerokotasunean, baina artista ezberdinek uzten dute bere alea. 

Errenterian artisau asko daude artisautza motor ekonomiko izateko apustua egin zelako. 

Bai, hemen artista asko daude. Gazteak hasi dira artisautzan murgiltzera eta negozio berriak irekitzen hasi dira, adibidez kosmetika artisaua ere egiten da... Galdu zen zerbait berreskuratzen ari dira. 

Datozen datak kontuan izanik, zer proposatuko zenieke irakurleei oparitzeko?

Eskuz egindako zerbait oparitzea, bere maitasuna eta bere denbora inbertituz. Benetan baloratzea eskuz egindako lana. Eta Interneten eta makrodenda horietan hainbeste ez erostea.