Síguenos en redes sociales:

Urretxu eta Zumarragako merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina martxan jarri du

Merkatariek 200, 100 eta 50 euroko erosketa bonuak zozkatuko dituzte

Urretxu eta Zumarragako merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina martxan jarri duAsier Zaldua

Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina abiarazi du Herrian erostearen magia leloarekin. Opari banaketa, opari zozketa, haurrentzako jolasa eta erakusleiho lehiaketa antolatu dituzte, besteak beste. Gainera, Galtzagorri pertsonaia sortu dute.

Areizaga-Kalebarren plazan Olentzero eta Mari Domingi erraldoiak jarri dituzte eta ostiral arratsaldean Gabonetako argiak piztu zituzten.

Astelehenetik, dendetako erakusleihoak apainduta daude eta dendariak txartelak banatzen ari dira. Horietako batzuek sari zuzena dute. Gainerakoak abenduaren 19ko zozketarako gorde beharko dituzte herritarrek. Zuzeneko saria duten txartelak erosketa bale gisa funtzionatzen dute. Momentuan ikusiko du txartela jasotzen duen pertsonak saria egokitu zaiola. 20 euroko erosketa balea izango da eta, dirua bailitzan, kanpainara atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango du (bertan dagoen QR-an ezagutuko ditu establezimenduak).

Zuzeneko saririk gabeko txartelak zenbakituta daude eta abenduaren 19an egingo den Olentzero eta Mari Domingiren zakuaren zozketan parte hartzeko balio dute. Horretarako, zakuan sartzeko txartelaren zatia zakura bota eta bestea gainean eraman beharko dute parte hartu nahi dutenek. Txartelak zakura zozketa egunean bertan ere bota ahal izango dira, 19.00tatik 20.00etara. Zozketa 20.00etan izango da.

200 euroko erosketa bonu bat, 100 euroko bi eta 50 euroko bi zozkatuko dituzte. Zozketan bost zenbaki aterako dira. Irabazlea bertan egon beharko da eta zenbaki saritua erakutsi beharko du saria jaso ahal izateko. Irabazlea bertan egongo ez balitz, beste zenbaki bat aterako litzateke, guztira bost saridun egon arte. Saritutako erosketa bonuak kanpainara atxikitako establezimenduetan bakarrik erabili ahal izango dira, abenduaren 31ra bitartean.

Bestalde, asteazkenean, Euskararen Eguna, LH5 eta DBH2 arteko gaztetxoek street scape batean jolastu ahal izango dute Urretxu eta Zumarragako dendetan. Parte hartzaileak 17.00etan elkartuko dira Bi-Tarteanen bulegoan (Urretxuko Labeaga kalean, etxe laranjetan) eta 18.00etara bitartean gaztetxoek hainbat proba egin beharko dituzte herriko dendetan. Bi-Tartean merkatari elkarteak 50 euroko sei bonu zozkatuko ditu probak zuzen egiten dituztenen artean. Zozketa Zumarragako plazan izango da, 18.05ean.

Ekitaldi horren helburua merkatarien eta gaztetxoen arteko harremana euskaraz izatea eta gaztetxoek herrian duten eskaintza zabala ezagutzea da. Izan ere, komunitatea euskaraz saretzeko ardatz garrantzitsua dira merkatariak.

Aipatu bezala, merkatariek eta udalek erakusleiho lehiaketa ere antolatu dute. Abenduaren 16ra arte, herritarrek beren erakusleiho gustukoenaren alde bozkatu ahal izango dute. Sari banaketa ekitaldia hilaren 18an izango da.

Aurten, merkatariek Galtzagorri pertsonaia sortu dute Gabonetako kanpainari bultzada emateko. Bihurria eta alaia da eta beti laguntzeko prest dago. Gertuko merkataritzaren defendatzaile nagusia da eta bere mezua argia da: Zure klik onena? Tokikoa aukeratzea. Helburua herritarrak gelditzera, hausnartzera eta erosketa arduratsu eta kontzienteak egitera gonbidatzea da.