Oiartzunek inbertsioak bikoiztuko ditu 2026an
Europako laguntzei esker, azkeneko Osoko Bilkurak udalerriko inoizko aurrekonturik altuena onartu du
Oiartzungo Udalak 22,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, udalerriak inoiz izan duen handiena. Aurtengo kontuekin alderatuta, 2,4 milioi euroko hazkundea aurreikusten da (%12 gehiago), batez ere Europako dirulaguntzak eskuratzeko egindako lanari esker. Aurrekontua asteazkeneko udalbatzarrean onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk abstentzioa eman zuen.
Legealdiko plangintzarekin lerrokatuta, lau arlo nagusik izango dute pisu berezia: kohesio sozialak (%12,64), ekonomia iraunkorrak eta ingurumenak (%8,11), kulturak eta euskarak (%9,45).
Gainera, Udalak herriko ehun ekonomikoa babesteko konpromisoa azpimarratu du, merkatari txikiei eta lehen sektoreko profesionalei zuzendutako laguntza programen bidez, eta industria guneak egokitzeko eta mantentzeko inbertsioekin.
Inbertsioak
Gastuei begira, inbertsio-gaitasuna nabarmen handituko du Udalak datorren urtean: 2,3 milioi euro bideratuko dira proiektuetara, azken urteetan izan den ahalmena bikoiztuz. Diru partida horiek herriko kohesioa, trantsizio energetikoa eta ekonomia indartzea helburu duten egitasmoetara zuzenduko dira.
Besteak beste, Altzibarren gune estalia eraikiko da, bidegorri sarean hobekuntzak egingo dira, Lanbarren industrialdea biziberrituko da, haur-parke bat estaliko da eta liburutegia berritu, ikasle-gela berriarekin.
Halaber, kiroldegia energetikoki efizienteago bihurtzeko lanak hasiko dira, bizikletentzako aparkaleku estaliak sortuko dira eta hainbat espaloitan eta errepidetan hobekuntzak egingo dira.
Proiektu sozialen artean, bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako eguneko zentro bat sortzea nabarmentzen da, Lezo eta Pasaiarekin elkarlanean.
Zerbitzu publikoen hobekuntza
Hala ere, aurrekontuaren zati handiena udal zerbitzu publikoen mantentze eta hobekuntzara bideratuko da. Azaldu dutenez, Oiartzunek urteetan sendotutako zerbitzu-sarea du, eta horrek herritarrei arreta zabala eskaintzea ahalbidetzen du. Ongizateari begira, udaleko etxez etxeko zaintza zerbitzua eta bakardade ez hautatuari aurre egiteko Zaintzadi programan jarriko da arreta; gazteentzako ludoteka, udalekuak eta gazte topalekua dira nabarmentzekoenak; eta hezkuntzan Urmendi udal ikastola partzuergoa eta herriko bi ikastetxeei ematen zaizkien laguntzak.
Azpiegituren aldetik Manuel Lekuona udal liburutegia, Landetxe kultur eraikina, kiroldegia, kanpoko igerileku irekiak eta udal beilatokia dira aipagarrienak.
Azkenik, ingurumen arloan, udal garraio publikoa (Xorrola eta taxi busa) hondakinen kudeaketa, ur zerbitzuak, lorategi mantenua eta herri bideak konpontzeko egiten diren inbertsioak dira nagusienak.
Bestalde, 2026ko aurrekontuak hainbat zerbitzu estrategikori lotutako diru-partida esanguratsuak jasotzen ditu: gizarte ongizatea eta etxez etxeko laguntza-zerbitzua (2,18 milioi euro), haur eta lehen hezkuntza (1,58 milioi euro), kirol instalazioak (1,57 milioi euro), kulturaren sustapena eta ondarea (1,54 milioi euro), ur-hornidura eta hondakin-uren tratamendua (1,04 milioi euro) eta ingurumen-zaintza (818.454 euro), besteak beste.
Udalak nabarmendu duenez, aurrekontua tresna nagusia da herritarren bizi-baldintzak hobetzeko bidean aurrera egiteko
Temas
Más en Bertan
-
Oñati remata el parque infantil de Urgain: no jerarquizado, verde e inclusivo
-
Sorginorratzak, una puerta a la creatividad a través del circo en Azpeitia
-
Hondarribia aprueba un Presupuesto de casi 35 millones de euros para 2026
-
“El disco ‘Arrakala’ son las flores que crecen en las grietas de nuestras heridas diarias”