Pasaia Bilboko euskararen aldeko ekitaldian izango da
Autobusak jarri dituzte bidaia errazteko, ekimen hauek beharrezkoak direlako euskararen erabilera hauspotzeko
BokalePasaiako Euskararen Aholku Batzordeak abenduaren 27an Bilbao Arenara (Miribillako kirolgunea) Pizkundea deitu duten ekitaldira bertaratzeko deia egin du. Kirolgunea euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzeko ekitaldia 17.00etan hasiko da eta sarrerak eskuragarri daude www.pizkundea.eus webgunean.
Pasaitarrei bertara iristen laguntzeko autobusak antolatuko ditu Bokalek. Pasaiatik zuzenean Miribillara joan nahi izanez gero, www.pasaia.eus webgunean eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeko sare sozialetan aurki daiteke autobusean izena emateko aukera. Autobusak geldialdiak izango ditu Pasaiako lau barrutietan. Pasai Donibaneko Meipiko geralekutik 14.50ean aterako da eta ondoren geldialdi hauek egingo ditu: Pasai Antxoko Ibaiondon 15.00etan, Pasai San Pedroko geralekuan 15.10ean eta Trintxerpeko postetxe pareko geralekuan 15.15ean.
Adinez nagusiek 10 euro ordaindu beharko dute, eta jubilatuek, langabetuek, haurrek eta gazteek 5 euro.
Bilboko ekitaldia “euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnas kolektibo bat izango da, Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua. Hori dela eta, abenduaren 27an bil gaitezen eta piztu dezagun euskalzaletasuna. Etorkizuna dago jokoan, euskaltzaleon garaia da!”, adierazi zuen Pasai Antxoko aurkezpenean Bokaleko ordezkariak, Diana de Castrok.
Izan ere, Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, agerraldia antolatu zuen Pasai Antxon, euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazteko.
Euskararen egoera larria
Patxi Martin Kontseiluko ordezkariak gaur egungo egoeraren xehetasunak eman zituen: “Euskara larrialdi egoeran dagoela ulertzeko VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako datu batzuk aipatuko ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoko gune euskaldunenetan, adibidez, atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz gaztelaniaz baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea. Zifretara etorrita, hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak”.
“Hau da, hizkuntza baten osasunaren adierazgarri behinena den erabilera soziala ahula da, eta hizkuntza praktikak orokortasunean hartuz, are eta gehiago ahultzeko joeran da. Hizkuntz politikan jauzi bat egin ezean, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hasteko bidean gara. Etorkizuna dago jokoan”, laburbildu zuen.
Larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat ere zabaldu nahi izan zuen. Hala, Bokaleko ordezkariak batzordearen konpromisoa berretsi zuen: “Larrialdi hori indarraldi bihurtzen ahaleginduko gara, eta Batuz Aldatu dinamikaren ildotik proposatutako euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza geure ere egiten dugu".
Bokaleko de Castrok azaldu zuenez, “eskaintza horrek adostasun sozial zabalez euskarari etorkizuna emango dion hizkuntza-politika baterako oinarriak proposatzen ditu. Oso laburbilduta, honako hauek dira dokumentuaren oinarriak: batetik, ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzi-muga bat ezartzea; eta, bestetik, normal erabiltzeko baldintzak eratzea”.