Igandean Urretxu eta Zumarragako Ostadar Mendi Astearen 42. edizioa hasiko da, Anjel Etxeberriaren omenezko 37. haur ibilaldiarekin. Astelehenetik ostegunera, berriz, emanaldiak egingo dituzte. Ostiralean batzar nagusia egingo dute eta igandean mendi ibilaldia.
Urteroko moduan, Ostadar Mendi Astea Anjel Etxeberriaren omenezko haur ibilaldiarekin hasiko da. Parte hartzaileak 8.30ean abiatuko dira, Zumarragako Euskadi plazatik.
Astelehenetik aurrera, berriz, lau emanaldi egingo dituzte. Urteroko moduan, lehen emanaldia Juan Mari Gabilondo Ostadar mendi taldeko kideak eskainiko du. Betiko moduan, Euskal Herriko mendietan ateratako argazkiak erakutsiko ditu. Emanaldia Urretxuko kultur etxeko areto nagusian izango da, 19.30ean.
Asteartean, Koenraad Van den Driessche geologoak Gipuzkoako historia geologikoari buruzko emanaldia egingo du. Ekitaldia gazteleraz izango da: Urretxuko Labeaga aretoan, 19.30ean.
Van den Driessche-ren helburua zapaltzen duguna ulertzea da, ozeano eta sumendietatik jaiotako paisaiak ezagutzea. Horretarako, 330 milioi urteko ibilbidea egingo du bost menditan zehar: Aiako Harrietako granitoa (Gipuzkoako txoko zaharrena), Aralarko paisaia karstikoa, itsaspeko sumendien ondorio diren Karakate eta Irimo, Deba eta Zumaia arteko flyscha eta Mandubitik Murumendiraino paseo aberasgarria.
Asteazkenean Ainhoa Unanue urretxuarrak Mendien bidea Alaskan: pedalez elurretaraino emanaldia egingo du. Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango da, 19.30ean.
Unanue eta bere lagun Bennett Pearce Alaskara joan ziren apirilean, Xabier Ormazabal bekaren eskutik. Proiektuak bi zati zituen: Eklutna Traverse eski zeharkaldia eta beharrezko material guztiarekin kostaldeko Valdez herritik Anchorage hirira bizikletaz joatea. Lehen zatia ezin izan zuten egin, elurraren baldintzak ez baitziren behar bezain onak.
Azken emanaldia ostegunean (hilak 27) izango da. Mikel Txintxurretak eta Imanol Murok Sehaskatik mendiko esploraziora lana eskainiko dute, 19.30ean, Zelai Arizti aretoan. Txintxurretak eta Murok Kirgizistanen eskalada egin dute, 2025eko Takolo bekaren eskutik. Inork zapaldu gabeko hiru tontor zapaldu dituzte eta beste mendi batean bide berri bat ireki dute.
Ostiralean (hilak 28), 19.00etan, Ostadar mendi taldeko kideek batzar nagusia egingo dute Zelai Arizti kultur etxean. Bukatzeko, igandean (hilak 30) mendi irteera egingo dute. Autobusa 7.30ean abiatuko da Elizkaletik eta Arantzazura eramango ditu. Kontrabandisten Bidea egingo dute. Ondoren, Arantzazuko hoteleko jatetxean bazkalduko dute. Parte hartu nahi dutenek, ostadar@ostadar.org helbidera idatzi behar dute izena emateko.