Síguenos en redes sociales:

Euskal Jaien mendeurrenean, Anton Abadia Zikloa martxan Hondarribian

Udaleko hainbat sail elkarlanean aritu dira egitarau berezia antolatzeko

Euskal Jaien mendeurrenean, Anton Abadia Zikloa martxan HondarribianN.G.

HondarribikoEuskal Jaien 100. urteurrenaren harira, Udaleko hainbat sail elkarlanean aritu dira egitarau berezia antolatzeko. Testuinguru horretan sortu da Anton Abadia Zikloa, XIX. mendeko euskaltzale eta kultur sustatzaile handiaren figura eta ekarpena herritarrengana hurbiltzeko asmoz.

Euskara sailaren ekimenez sortutako zikloak antzerkia, bisita gidatua eta mahai-ingurua izango ditu ardatz, guztiak helburu berarekin: Anton Abadiak Lore Jokoen bidez euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena ezagutaraztea eta gaur egungo kulturgintzarekin zubiak eraikitzea. 

Azaroaren 28an, 20.00etan, 'Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara' antzerki musikatua izango da Itsas Etxea Auditoriumean. Loraldia Produkzioaren antzezlan musikatua Hendaian estreinatu zen, eta 2020an 24 emanaldi izan zituen; orain, Hondarribira iritsiko da, Abadiaren historia modu bizi-bizian kontatzeko

Garoa Lekuona Euskara zinegotziak azaldu duenez, antzerki hau ekartzea ez da erraza izan birproduzitu behar izan delako, baina argi zuten Euskal Jaien 100. urtemuga baliatu nahi zutela Abadiak hirian egindako ekarpena herritarrei ezagutarazteko. “Abadiaren legatua gure herriarentzat eta euskal kulturarentzat oso garrantzitsua da. Ziklo honen bidez, bere lana eta ekarpenak ikus-entzunezko esperientzia baten bidez gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dugu”, gehitu zuen. Halaber, gaineratu zuen: “Antzerki honek ez du soilik iragana kontatzen; gaur egungo ikus-entzuleek euskal kulturaren transmisioaren garrantziaz hausnartzeko ere gonbita egiten digu”. 

Imanol Agirre Loraldiaren zuzendari artistikoak azaldu zuen Loraldia jaialdia sortu zutela Anton Abadiaren ideiak eta ekarpenak oinarri hartuta. 2015ean berpiztu zuten Abadiaren figura Bilbon, eta ordutik haren espirituari jarraitu diote, euskarak eta euskal kulturak behar duten prestigioa eta anbiziora begiratuz. “Abadiaren bizitza ezagutzean harrituta geratu ginen. Duela mende bat baino gehiago ulertu zuen euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna nola bermatu, eta Lore Jokoak sortu zituen horretarako”.

Gaur egun ere, Loraldian anbizio berarekin ari direla nabarmendu zuen Agirrek: hizkuntza minorizatuan sortzen dutela, baina ez dutela sormen minorizaturik plazaratu nahi; euskal kultura “besteen pare” egon behar dela defendatzen dute. Halaber, Abadiaren papera antzeztu duten aktoreen ibilbidea gogoratu zuen: “Aitor Mazoren heriotzaren ondoren, Txomin Heguik jarraitu zion, eta oraingoan Anje Oregik hartuko du lekukoa Hondarribiko emanaldian”.

Beste ekimen batzuk

Azaroaren 29an, berriz, bisita gidatua antolatu da Abadia gaztelura, bana plaza guztiak bete dira dagoeneko. 

Urtemugaren harira, hausnarketa sakonago bat ere proposatzen du Udalak, abenduaren 13an, herri nortasunaren eta euskal kulturgintzaren bilakaeraren inguruko mahai-inguruarekin. Euskal Jaien, Lore Jokoen eta euskal kulturgintzaren arteko lotura historikoa aztertuko dute, Hondarribian emandakotik nazio mailarako saltoa eginda.

Antxoka Agirrek 2023an Bertsolari Aldizkarian jasotako ideia bat izango dute abiapuntu: "Lore Jokoak euskal kulturgintza modernoaren abiapuntua izan ziren, eta, beraz, baita bertsolaritza modernoarena ere; han sortu zen neurri handi batean gaur egungo txapelketaren formatua”. Pizkunderako gako izan ziren elementuak egun Euskalgintzak egina duen pizkunde berrirako makulu edo eredu izan ote daitezkeen mahaigaineratuko dute. Hizlariak Koldo Ortega historialaria, Harkaitz Cano idazlea eta Antxoka Agirre kazetari eta ikertzailea izango dira.

Ortegakk azpimarratu zuenez, “Euskal Jaiaen iragana, oraina eta etorkizuna izango ditugu ardatz; nola eraldatu den mende honetan, eta zein zeregin izan duten herri nortasuna eta kultur transmisioa indartzen”.