Urtarrilean zehar trantsizio ekosoziala izango da ardatz Hernanin antolatutako mahai-inguru ziklo batean, lurraldearen eta udalerriaren ikuspegietatik gaiari heltzeko helburuarekin. Zikloak bi saio izango ditu, eta trantsizio energetikoaren, lurralde-antolaketaren eta energia burujabetzaren inguruko eztabaida publikoari ekarpena egitea du xede.
Zikloa Hernani Burujabe ekimenaren baitan antolatu da, zehazki Urumea bailaran aurreikusita dauden instalazio eolikoen inguruko eztabaida lantzeko sortu zen lantaldearen eskutik. Testuinguru horretan, energia berriztagarrien garapena, energia-ereduaren eraldaketa eta energia burujabetza izango dira mahai-inguruetako gai nagusietako batzuk, trantsizio ekosozialaren inguruko eztabaida tokiko eta lurralde mailan aberasteko asmoz.
Egutegia
Lehen mahai-ingurua datorren asteazkenean, urtarrilaren 14an, egingo da, Biteri kultur etxean, 18.30ean. Saio honetan lurralde eskalako ikuspegia izango da ardatz, eta hizlari gisa ariko dira Martin Lallana, LAB sindikatuko trantsizio ekosozialerako arduraduna, eta Josu Naveda, Goiener energia kooperatibako kidea.
Bi adituek trantsizio ekosozialak eskualde eta lurralde mailan planteatzen dituen erronkak eta aukerak aztertuko dituzte, bereziki energia-ereduaren eta garapen jasangarriaren ikuspegitik.
Bigarren saioa urtarrilaren 28an izango da, leku eta ordu berean. Kasu honetan, fokua udalerri mailara eramango da, eta Euskal Herriko hainbat herrik trantsizio ekosozialerako diseinatu dituzten planak eta esperientziak ezagutzeko aukera egongo da. Mahai-inguruan parte hartuko dute Xabi Igartua, Oñatiko zinegotziak; Gurutze Etxezabal; Aitor Ossa, Zumaiako Energia Estrategia 2020 txostenaren egileak; eta Carlos Anaut. Lau ordezkariek tokian tokiko politiketatik eta esperientzietatik abiatuta azalduko dute nola ari diren trantsizio ekosozialari erantzuten udal mailan.
Bi mahai-inguruak Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak dinamizatuko ditu, eztabaidari ikuspegi pedagogikoa eta dibulgatzailea emanez.