Urretxu eta Zumarragako udalek Gabonetako erakusleiho lehiaketaren 20. edizioa aurkeztu dute. Izena emateko epe ostiralean ireki zen eta nahi duten merkatari guztiek parte hartu ahal izango dute.
Parte hartu nahi duten establezimenduek azaroaren 29a baino lehen eman behar dute izena, Urola Garaiko Merkataritza Bulego Teknikoan: Urretxuko Labeaga kaleko 56an. Erakusleihoak abenduaren 1erako prest egon beharko dira eta 16ra arte ikusgai. 21.00ak arte izan behar dituzte argiztatuta. Erakusleihoan establezimenduko ohiko produktuak nagusitu behar dira.
Epaimahaia bost kidek osatuko dute: Gipuzkoako Merkataritza Federazioko ordezkariak, merkataritzako bulego teknikoko ordezkariak, Urretxuko Udaleko ordezkariak, Zumarragako Udaleko ordezkariak eta Zumarragako arte ederretako eskolako edo Urretxuko arte tailerreko ordezkariak. Epaimahaiko kideek irudimena, originaltasuna, mezua, kalitate estetikoa eta erakusleihoak Gabonetako giroarekin duen lotura baloratuko dituzte.
Lau sari banatuko dira. Irabazleak diploma, Bertatik Bertara produktuen saskia eta 200 euroko erosketa bonua eramango ditu etxera. Bigarren saria jasotzen duenak, diploma, Bertatik Bertara produktuen saskia eta 100 euroko erosketa bonua. Hirugarren saria eta herritarren saria jasotzen dutenek, berriz, diploma eta Bertatik Bertara produktuen saskia eramango dituzte etxera. Epaimahaiak aipamen berezia ere eman dezake, ezaugarri bereziren bat duen erakusleihoari.
Herritarren saria Bi-Tartean merkatari elkarteak kudeatuko du. Herritarrek abenduaren 15era arte bozkatu ahal izango dute, elkarteak ezarriko duen sistemaren bidez. Bozka ematen duten guztien artean 100 euroko bonoa zozkatuko dute.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an izango da: 13.30ean, Zumarragako udaletxean. Aurten, berrikuntza gisa, irabazleen izenak ez dira aurretik ezagutuko, ekitaldian bertan baizik. Helburua jakin-mina piztea eta sarituek beraien poza gainontzeko guztiekin partekatzea da.
Gabonetako erakusleiho lehiaketa ostegunean aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxeko areto nagusian. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten. Beraiek arduratu ziren lehiaketako oinarriak aurkezteaz. Ondoren, Sandra Rodriguez eta Cristina Garces Bi-Tartean elkarteko zuzendaritzako kideekin argazkia atera zuten.
Bi alkateek merkatariek bi herrien alde egiten duten lana goraipatu zuten. Esker onez, merkatariei laguntzen saiatzen dira. “Gabonetako kanpaina garrantzitsuena da merkatarientzat eta udalok ahalegina egiten dugu herritarrek herrian kontsumitu dezaten. Horretarako, Gabonetako argiak jartzen ditugu eta lehiaketa hau antolatzen dugu, besteak beste”, esan zuen Luquik. Aurten, Gabonetako argiak azaroaren 28an piztuko dituzte.
Serranok merkatariak aurtengo lehiaketan parte hartzera animatu zituen. “Urtero 30-35 establezimenduk parte hartzen dute. Merkatari askok egiten dute ahalegina. Aurten ere parte hartzera animatu nahi ditugu”.